Brian Currin Hegoafrikako abokatu eta nazioarteko bitartekariak indarkeria bukatzeko "gertaera on" bezala jo du ETAk atentatuen etetea jakinarazi izana. Izan ere, haren ustez, "nahiz eta ETAk borroka armatuaren etete iraunkorra ez duen iragarri, Euskal Herriarentzako marko demokratikoa eraikitzeko garaia iritsi dela dio". Erakunde armatuak "alde bakarreko eta baldintzarik gabeko adierazpen historikoa" egin duela dio Currinek, eta erabakiaren "handitasuna eta garrantzia" horretan datzala.
Currinek iritzi dio ezker abertzalearen estrategia berriak zerikusia baduela horretan guztian, honek indarkeriarik gabeko prozesuaren alde egiten duelakoan. Hain zuzen, "prozesu demokratikoak euskal herritarren hitza eta erabakia izan behar ditu oinarri eta, beraz, inongo indarkeriarik edota kanpo injerentzia bidegaberik gabe garatu beharko da", dio ezker abertzaleak aurten onartutako apustuak.
Nazioarteko bitartekariak adierazi du ETAren gaurko jakinarazpena "ezker abertzalearen lidergoaren ondorioa" dela, baita "Euskal Herriaren borondateari emandako erantzuna" ere. "Hori politikaren eta demokraziaren garaipena da".
Currin izan zen Bruselako adierazpenaren sustatzaile nagusietakoa. Gatazkak konpontzeko eta bake prozesuetarako nazioarteko hogei liderrek joan den martxoan ETAri eskatu zioten "su-eten iraunkor eta benetan egiaztatzekoa" emateko, eta Espainiako Gobernuari "behar bezala erantzuteko".
Currin: "ETAk alde bakarreko eta baldintzarik gabeko adierazpen historikoa egin du"
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu