EAJk eta ezker abertzaleak kritikatu egin dute PSE-EEren agiria

2008ko urriaren 7a
16:47
Entzun
EAJren ustez, Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusi eta Eusko Jaurlaritzarako lehendakarigaiak ez du sinesgarritasunik euskararen alde egin nahi duen politikan, "errealitateak dioenez, alderdi sozialistak ez duelako konpromisorik euskara bultzatzeko". PSE-EEk Donostian egindako ekitaldiari hauteskunde usaina hartu dio EAJk, "makillajea da"..

Hala esan du gaur Andoni Ortuzar EAJko Bizkaiko presidenteak, eta herrialde horretako ezkerraldean PSE-EEren esku dauden udalen datuak eman ditu hori frogatu nahian. Haren arabera, udal haietan aurrekontuen %0 eta %0,5 ematen diete euskararen aldeko politikei. "Sozialisten konpromiso falta erakusten du horrek, eta udal horietan mozioak sartuko ditugu".

Ezker abertzaleak ere kritikatu du PSE-EEk lehengo astean aurkeztu zuen Euskara askatasunez agiria. "Euskara askatasunez hitz egin eta erabili ezin duten aurkako adar-jotzea eta iseka da", esan du Inaxio Agirrek, eta Euskal Herrian "inposatzen" den hizkuntza euskara ez dela gaineratu du. "Euskal kultura totalitarismoarekin lotu dute, gazteleraz genozidioak egin direnean".

Euskarak ere "Euskal Herriak bizi duen salbuespen egoera honetan orube demokratikoa" behar duela aldarrikatu du ezker abertzaleak, eta herritarrek nahi duten hizkuntz politika jarri behar dela martxan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.