EB-Zutik eta Aralarrek ez dute zentsura moziorik babestuko Arrasaten

2008ko apirilaren 30a
10:35
Entzun
Zentsura mozio ahalegin bat egin zuten aurrenekoz, eta ondoren etorri zen EAJ eta PSE-EEren zuzendaritzek adostutako mozioaren aurkezpena. Biek ala biek porrot egin zuten. Hala eta guztiz ere, beste zentsura mozio bat aurkezteko saioa egingo du PSE-EEk Arrasaten, EAJ eta PPren babesarekin. Oraingo honetan ere, ahalegina, hori besterik ez dela izango dirudi, EB-Zutik eta Aralarreko hautetsiek kontrako jarrerari eusten badiote, bederen.

Francisco Garcia Raya PSE-EEko Arrasateko bozeramailea eta alkate izateko hautagaia zentsura mozioa aurrera egin dezan beharrezkoa duen babesa lortzeko lanetan ari da egunotan. PSE-EE eta EAJren zuzendaritzek duten akordioa dela eta, jeltzaleek Garcia Rayaren alkatetza babestuko dute; PPk ere aldeko botoa emango du, EAE-ANVren kontrako zentsura mozio «guztiak» babesteko prest azaldu baita. EB-Zutik eta Aralarrek orain arte mantendu duten jarrerari eutsiko diotela azaldu diote Garcia Rayari. Horiek hala, bigarren zentsura mozio ahaleginak ere porrot egingo du. 11 boto behar dira, PSE-EE-EAJk launa boto dituzte eta PPk bakarra: orotara, 9. EB-Zutik hiru zinegotzi ditu eta Aralarrek eta EAk bana.

Garcia Rayak ez du etsiko, ordea. Ezta PSE-EEko zuzendaritzak ere. Arrasate «duintasun demokratikoaren sinbolo» egin nahi dute. Hori dela eta, Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak iragarri du bere alderdiak gainontzeko alderdiekin biltzeko saioak egingo dituela. Pastorrek dioenez, halako bilera bat egin zuten apirilaren 11n Eusko Legebiltzarrean, eta alderdi guztiak «mozio etikoen» alde agertu ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.