spainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epailearen aginduz Espiniako Poliziak Batasuneko buruzagien kontrako operazioaren oinarrian ez dagoela arrazoi juridikorik argi du Joseba Egibar EAJko GBBko lehendakariak. Aitzitik, "intentzio politikoarekin" egindako sarekada dela uste du, eta, gainera, epailea ekintzak barik intentzioak epaitzen ari dela. "Intentzioak epaitzen ari da Garzon, eta hori ezin du egin. Frogak eman beharko ditu", esan du Euskadi Irratian egindako elkarrizketan.
Igandean BERRIAn egin zituen adierazpenen ildotik, sarekada bultzatzeko asmo politikoaren atzean Espainiako hauteskundeetako lehia politikoa dagoela berretsi du Euskadi Irratian; hau da martxoko bozei begira PPrekin duen lehian Batasunari "egurra" ematea bere alde baliatu nahi duela PSOEk.
Areago, Espainiako Gobernuak eta sozialistek diseinatutako estrategian "bingo politikoa" osatu nahi dutela adierazi du Egibarrek, eta ezker abertzaleari erasateaz gain Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariak egindako herri galdeketa proposamena atzera bota nahi duela. "Lehendakariaren ekimena tarteko dela ere, giro politikoa nahasten bada, orduan eta zailagoa lehendakariarentzat, orduan eta errazagoa niretzat (PSOErentzat). Nik uste dut begi bistakoa dela hori, hamar eguneko tartean izan da", esan du.
Egibar: "Intentzioak epaitzen ari da Garzon, eta hori ezin du egin"
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu