Asteburuan zehar, erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika ez da mugatuko galdeketak egingo dituzten 34 herrietara. Izan ere, beste hainbat herri eta eskualdeetan ere antolatu dituzte ekitaldiak.
Galdakaon, esaterako, urteetan zehar ospatutako Euskal Jaia eguna berreskuratuko dute aurten. Gure Esku Dago eta dinamikaren adierazpena izango dira eguneko ardatzak. Adierazpenaren A erraldoia osatuko dute herritarrek Ardanza parkean, 12:00etan. Antzea egingo dute Barakaldon: erabakitzeko eskubidearen aldeko adierazpenaren irakurketa eta mosaiko erraldoia egingo dute oihalekin Anaien parkean, 19:30ean. Larunbatean izango dira biak.
Ekitaldiak egingo dituzte Larrabetzun Ugaon, Deustun, Tolosaldean eta Amurrion ere, besteak beste.
Igandean, berriz, galdeketa bat antolatzeari buruz galdetuko dute Donostian. 11:00etatik 15:00etara Donostiako Bulebarrean jasko dituzte iritziak. Gernikan, erabakitzeko eskubidearen inguruko iritzi trukaketa eta kontzertua prestatu dituzte Merkurio iturrian, 12:00etan.