"Aurreneko aldiz alderdi subiranistek akordioa lortu dugu Eusko Alkartasunarentzat hil edo bizikoa den gai batean: helburu politikoak lortzeko indarkeriari erabat uko egitea, eta independentziarantz joateko bide demokratiko eta zibilen aldeko apustu sendoa", dio Aberri Egunerako EAk atzo plazaratu zuen agiriak. "Hori urrats erabakigarria da Euskal Herria baketzeko bidean, inork ez baitu indarkeria tresna politiko gisa justifikatzen".
EAren betiko helburuetako bat independentzia dela oroitarazi dute, eta xede hori lortzeko indar subiranisten elkarlana behar dela. Ildo horretatik, "Espainiari atxikitako alderdiek(PSOE, PP, UPN eta UpyD) mugimendu subiranista baztertu"nahi dutela uste du EAk, eta horretarako gezur bat erabiltzen dutela: "euskal usaina duen guztia" ETArekin berdintzea. Premisa hori ez dutela onartuko eta beren betiko helburuak defendatzen segituko dutela azpimarratu dute.
Igandean Aberri Eguna Independentistak sareak antolatutako ekitaldietan parte hartuz ospatuko dutela berretsi du EAk, eta Irun eta Hendaian egitekoak diren ekimenetan parte hartzeko deia egin die herritarrei. Ezker abertzalea eta EA dira ospakizun horietan parte hartzeko dei zuzena egin duten indar politikoak. Aralarrek eta ABk ez dute alderdi gisa horrelako deialdirik egingo baina ordezkaritza bana bidaliko dute. LAB sindikatuak ere bat egin du Indenpendentistak-en deialdiarekin.
EAJk "tentuz" ibiltzeko gomendioa
EAk ezker abertzalera hurbiltzeko egin duen urrats hori dela-eta "tentuz" ibiltzeko aholkua egin dio EAJk, zehazki, Josu Erkoreka diputatuak. "Indarkeriari buruz jarrera irmoak hartzeko garaian ezker abertzalearen sinesgarritasuna mesfidantzaz hartzeko aholkatzen diet". EAk eta ezker abertzaleak Aberri Eguna elkarrekin ospatzea zilegi dutela, eta horrek ez duela EAJ kezkatzen erantsi du Erkorekak: "Guk gure nazio proiektua baitakagu, ondo finkatutakoa".
Egun indar subiranista bakar batek ez duela indarkeria justifikatzen uste du EAk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu