Elkarrekin Ahal Dugu litzateke lehen indarra EAEn Espainiako bozetan, eta EAJ autonomikoetan

2016ko ekainaren 9a
15:18
Entzun

Eusko Jaurlaritzaren soziometroaren azken lanaren arabera, Elkarrekin Ahal Dugu koalizio berria izango da EAEko lehen indarra Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan. Zazpi eserleku lortuko lituzke Kongresuan. IU-UPk abenduan ez zuen batere erdietsi Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta Ahal Dugu-k, 5.

EAJk 5 diputatu eskuratuko lituzke, abenduan baino bat gutxiago. EH Bilduk 2 aulkirekin segituko luke, PPk ere bai, eta PSE-EEk orain 2 lituzke –abenduan 3 lortu zituen–.

Maiatzaren 23tik ekainaren 2ra egin zuen Jaurlaritzak inkesta, 2.310 herritarren artean.

Espainiako CISen inkestak Hegoaldean Elkarrekin Ahal Dugu-ri 9 aulki eman dizkio –7 EAEn eta 2 Nafarroan–, EAJ-Geroa Bairi 5 –EAEn denak–, PP-UPNri 4 –3 eta 1–, EH Bilduri 3 –denak EAEn– eta PSE-PSNri 2 –1 eta 1–.

Ekainaren 26an izango dira Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskundeak.

Eusko Legebiltzarrerako bozetako inkesta

Jaurlaritzaren soziometroak Eusko Legebiltzarrerako udazkeneko bozen inguruan ere galdetu du. EAJ litzateke lehen indarra, 24 aulkirekin –2012an baino hiru gutxiago–, Elkarrekin Ahal Dugu-k 17 lituzke –duela lau urte Ezker Anitzak batere ez, eta Ahal Dugu ez zegoen–, EH Bilduk ere 17 –lau gutxiago–, PSEk 9 –zazpi gutxiago–, PPk 7 –hiru gutxiago– eta Ciudadanosek 1 –aurrekoan ez zen aurkeztu–.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.