Emakumeek Gizadiarentzat idatzitako Mundu Gutuna

2005eko urriaren 17a
19:47
Entzun
ATARIKOA

Emakumeen Mundu Martxan parte hartzen dugunontzat, sistema patriarkala emakumeak zapaltzeko sistema da eta kapitalismoa gizon eta emakumeak esplotatzeko sistema. Sistema horiek elkar elikatu eta indartzen dira eta arrazakeria, sexismoa, misoginia, xenofobia, homofobia, kolonialismoa, inperialismoa eta esklabismoan oinarritzen dira. Sistema

horiek pobrezia eta bazterketa bultzatu eta giza eskubideak bortxatzen dituzte, batez ere emakumeenak.

Beste mundu bat eraikitzea proposatzen dugu, pertsona guztien osotasuna, aniztasuna, eskubideak eta askatasunak errespetatuko dituena.

Gutun hau berdintasun, askatasun, elkartasun, justizia eta bake balioetan oinarritzen da.

BERDINTASUNA

Pertsona eta herri guztiek berdinak izan behar dute.

Ohiturek, tradizioek, erlijioek, ideologiek nahiz sistema politiko eta ekonomikoek ezin dute diskriminazioa justifikatu, ezta pertsonaren duintasuna eta osotasuna arriskuan jartzen duten ekintzarik onartu ere.

Emakumeen lantzat hartzen diren horiek, (etxeko lanak, seme-alaben eta senideen zainketa) aberastasuna sortzen duten aktibitateak dira.

Pertsona orok du lan duin bat izateko eskubidea.

ASKATASUNA

Pertsonek askeak izan behar dute: inor ez da bestearen menpeko ezta inoren

esklabo ere; ezin da inor ezkontzera eta lana egitera behartu; ezin da pertsonekin trafikatu ezta sexualkiesplotatu ere.

Pertsona orok ditu askatasun indibidual eta kolektiboak: erlijio, iritzi, adierazpen… askatasunak; sexualitatea libre bizitzeko eskubidea; bozkatzeko askatasuna;

bizitza politikoan parte hartzekoa...

Emakumeok gure gorputzari, sexualitateari eta ugalketari dagozkien erabakiak askatasun osoz hartzeko eskubidea dugu.

ELKARTASUNA

Pertsona eta herrien arteko elkartasuna bultzatzen dugu.

Herriek beren lurraldean dauden baliabide naturalak kudeatu behar dituzte, eta ingurumena errespetatu.

Gizartearen ekonomiak guztien eskuetan egon behar du eta gizon-emakume guztiei bermatu behar die ongizate kolektiboa; pobrezia ezabatu behar du; eta interes orokorraren eta indibidualaren arteko oreka mantendu behar du.

JUSTIZIA

Pertsona oro da giza eskubideen jabe, edozein delarik ere bere jaioterria, nazionalitatea eta bizilekua.

Justizia sozialaren helburua aberastasuna birbanatzea da; hala, pobrezia ezabatu, aberastasuna mugatu eta bizitzaren oinarrizko beharrak bermatu ahal izango dira.

Pertsona guztien osotasun fisikoa eta morala bermatu behar da eta tortura debekatu. Sexu erasoak, bortxaketak, emakumeen sexu organoen erauzketak, emakumeen aurkako indarkeria eta sexu trafikoa pertsonaren eta gizadiaren aurkako krimenak dira.

BAKEA

Pertsona orok bakean bizi behar du. Bakeak honakoa esan nahi du: generoen arteko berdintasuna; berdintasun soziala, ekonomikoa, politikoa, juridikoa eta kulturala; eskubideen errespetua…

Tolerantzia, elkarrizketa eta aniztasuna errespetatzea bakearen bermeak dira.

Pertsona guztiek dute eskubidea gerrarik, gatazka armaturik eta atzerriko okupazio militarrik gabeko munduan bizitzeko.

DEIA

Gutun honek ekintzarako deia egiten du, mundu hau aldatzeko. Premia handia dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.