Donostiako manifestazioa

Erreakzioak

2003ko urriaren 18a
19:54
Entzun
Miren Azkarate: "Euskal munduari, euskal kulturari, babes osoa agertzera etorri naiz"

Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak azaldu duenez, "euskal munduari eta euskal kulturari"babesa agertzera joan da Donostiako manifestaziora. "Euskal kulturaren alde hainbeste urtetan lan egin duen jendeari gure babes eta laguntza guztia agertzera nator", esan du.

Antton Karrera: "Eraso garratz hau ezin da erantzunik gabe utzi"

EB-IUko buruzagi Antton Karreraren arabera, ostegun goizaldeko polizia operazioa euskararen eta euskalgintzaren aurkako "eraso garratza" da, eta, horregatik ari da parte hartzen Donostiako manifestazioan. "Eraso garratza da, eta ezin da erantzunik gabe utzi", adierazi du.

Jesus Uzkudun: "Neurri errepresibo hauen aurka erantzun bat eman beharra dago"

Jesus Uzkudun EAEko CCOO sindikatuko buruzagiaren iduriko, 'Egunkaria'-ren itxieraren inguruan gertatu diren poliziaoperazioak euskararen aurkako "neurri errepresibo handiak" izan dira, eta, ondorioz, erantzun beharra dagoela iruditzen zaio. "Neurri errepresibo horien aurka, eta euskara eta euskal kulturaren alde etorri naiz Donostiak manifestaziora", esan du.

Rafa Diez "Erasoen aurrean, euskaldunok beste jauzi bat egiteko garaia da"

LABeko idazkari nagusi Rafa Diezek Donostiako manifestazioaren hasieran agertu duenez, euskarari eta euskal kulturari babesa agertzeko ari da parte hartzen, batetik, ekitaldian. Bese mezu bat ere plazaratu nahi zian du, ordea, LABeko buruzagiak: erasoen aurrean, "beste jauzi bat egiteko garaia" heldu dela. "Euskaldunok beste jauzi bat egiteko garaia heldu da, gure eskubideen alde, eta, noski, euskararen eta euskal kuturaren alde".

Martxelo Otamendi: "Madrilgo eta EAEko gobernuei horrelako eraso gehiago ez dugula onartuko erakusteko gaude hemen"

Martxelo Otamendi 'Egunkaria'-ko eta 'Berria'-ko zuzendariak agertu duenez, hein batean, haserrea agertzera eta nahikoa dela esatera joan da Donostiako manifestaziora. "Etorri gara erakustera Madrilgo Gobernuari, eta EAEko Gobernuari ez dugula onartuko ez adierazpen askatasunaren murrizketarik, ez azkenaldikoak bezalako polizia operaziorik".

Richard Irazusta: "Mezu baikor bat ekarri nahi dugu"

AB Abertzaleen Batasuneko kide Richard Irazustak agertu duenez, erasoak, eta oro har, egoera salatzera ez ezik, "mezu baikor bat" ematera joan daDonostiako ekitaldira. "Ipar Euskal Herritik mezu baikor bat ekarri nahi dugu: elkarrekin bat egin behar dugula honi guztiari aurre egiteko".

Patxi Zabaleta: "Adierazpen askatasuna babestu beharra dago"

Patxi Zabaleta Aralar-eko koordinatzaileak arrazoi bat baino gehiago izan ditu gaur Donostiara, Kontseiluak antolatutako manifestaziora hurbiltzeko. Batetik, euskarari eta euskal kulturgintzari babesa adierazi nahi izan dio. Baina horrez gain, adierazpen askatasunaren alde joan da Donostiara: "Adierazpen askatasuna babestu beharra baitago, eta halaber, atxilotuei elkartasuna adierazi nahi diedalako".

Jonan Fernandez: "Besteak beste, atxilotuen egoerak sortzen didan kezka agertzeko etorri naiz"

Jonan Fernandez Elkarri mugimenduko buruzagiak hiru arrazoi nagusi izan ditu gaur arratsaldean Donostiara joateko: "Batetik, oinarrizko eskubideak urratu direlako; bestetik, euskararen alde, euskarari babesa adierazteko. Azkenik,atxilotuen egoerak sortzen didan kezka agertzeko etorri naiz".

Joxe Juan Gonzalez Txabarri: "Barruak eskatzen didalako etorri naiz"

"Barruak eskatzen didalako etorri naiz", azalpen horixe eman du Joxe Juan Gonzalez Txabarri Gipuzkoako Ahaldun nagusiak Donostiako manifestazioan zergatik ari den parte hartzen galdetu diotenean. "Barruak eskatzen didalako, samina barruraino sartuta daukadalako, eta kalean, era demokratiko eta baketsuannahikoa da esateko garaia delako".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.