ERREAKZIOAK

2007ko urriaren 5a
12:49
Entzun
EAJ: “Atzera bueltarik” gabeko operazioa

Iñigo Urkullu EBBko bozeramaileak esan duenez, Baltasar Garzon epaileak “atzera bueltarik” ez duten operazioak egiten ditu, batik bat hainbeste pertsona atxilotzen direnean. Hala, atxiloketak “zuzenbidean” oinarrituta egotea espero duela adierazi du. Joseba Azkarraga justizia sailburuak, “susmagarritzat” jo du operazioa politikarentzat hain garrantzitsuak diren uneetan gauzatu izana.

EA: Euskal gizartea zatitzeko nahia

Begoña Errazti EAko presidenteak operazioaren atzean “euskal gizartea zatitzeko helburu argia” dagoela uste du. Hala, atxlioketak “guztiz gaitzesten” dituela esan du. Haren esanetan, sistema judiziala bake prozesua eta normalizazio politikora iristeko nahiaren aurka erabili da.

Aralar: “Ikaragarrikeria” eta bakea lortzeko atzera pausua

Aralarrek Batasuneko kideen atxiloketak “ikaragarrikeriatzat” jo ditu. “Sentsibilitate politiko baten zuzendaritza oso atxilotzea ikaragarrikeria judizial eta politikoa da”, esan du. Haren esanetan, gertakari hauek baketik urruntzeko soilik balio dute. Espainiako Auzitegi Nazionala eta salbuespenezko legediak behin betiko indargabetzeko ere eskatu du.

EB: Hauteskundeei begira egindako atxiloketak

Ezker Batuak atzoko atxiloketak PSOEren “hauteskunde helburuekin”lotu ditu. Javier Madrazo EBko koordinatzaile nagusiak adierazi duenez, Espainiako Auztegi Nagusiaren “hariak” Moncloatik mugitzen dira. Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteak beti hauteskundeei begirako interesen arabera jokatzen duela gaineratu du Madrazok.

PSE-EE: "Intentzio politikorik" gabeko atxiloketak

Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak ukatu egin du atxiloketek helburu politikoren bat dutenik. Alderdiak operazioa "errespatu" egiten duela esan du. Haren esanetan, epaileak emandako aginduak argi uzten du Zuzenbidezko Estatuak funtzionatzen duela eta legea bete egiten dela. Era berean, "zuhurtzia" eskatu du, Justiziak bere bidea egin dezan.

PP: Albiste “pozgarria”, baina hauteskunde helburuekin egina

Jaime Mayor Oreja PPko eurodiputatuak adierazi duenez Batasunako Mahai Nazionaleko kideak atxilotu izana “albiste pozgarria” da Batasuna “ETAren zati” dela uste duten guztientzat. Halere, Espainiako Gobernuaren jarrera “zalantzan” jarri du Mayor Orejak. EAE-ANV alderdia “legeztatu” egin dela eta Gobernua ETArekin “negoziaketetan” aritu dela gogoratu ditu. Haren iritziz, hauteskundeak irabazte aldera egindako operazioa da.

Nafarroako Gobernua: Askatasunaren eta Zuzenbidezko Estatuaren aldeko erabakia

Miguel Sanz Nafarroako presidenteak “oso positibotzat” jo ditu atxiloketak. “Askatasuna eta Zuzenbidezko Estatua” lortzeko bide bakarra direla esan du. Sanzen hitzetan, “egun garrantzitsua da, nahiago nukeen lehenago iritsi izan balitz, baina hobe da berandu inoiz ez baino”.

ELA: PPk hasitako bidearen jarraipena

ELAren iritziz PSOE Aznarren garaian PPk hasitako bidea jarraitzen ari da, eta “sentsibilitate politiko” bat suntsitu nahi du. Sindikatuaren iritziz, “onartezina” da ideien jazarpena eta beste behin ete argi geratu da Justiziaren “instrumentalizazioa”.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.