Alfredo Perez Rubalcaba (Espainiako Gobernuko Barne ministroa)
"Bagenekiena baieztatu du epaiak: ETA ez dela soilik pistolak erabiltzen dituen erakundea. Indarkeria erabiltzen dutenak jazarriko ditugu, baita izaera sozialeko erakundeetatik eta taldeetatik indarkeria babesten dutenak ere. Hori dena da ETA, eta guztiek auzitegietan bukatuko dute".
Juan Jose Ibarretxe (Eusko Jaurlaritzako lehendakaria)
"Dena ez da ETA. Zenbat etakide daude herri honetan? 20.000 etakide? Hori ezin da horrela esan".
EA
"Espainiako Estatuan demokrazia atzeraka doa. Dena ez da ETA, Garzonek asmatu zuen gezurra da hori, baina egiatzat jotzen ari da Espainiako Justizia. Epai honetan inon ez da frogatzen zigortuak ETAkoak direla. Bakera eta normalizazio politikora hurbildu beharrean, gatazka politikoaren irtenbidea zaildu eta atzeratu egiten du".
Aralar
"Ebazpena oinarrizko giza eskubideen kontrakoa da, gizabanakoei biltzeko eskubidea murrizten dielako. Demokrazia heldu batean horrelakoak gertatzea ez da inola ere onargarria. Era berean, era honetako erabaki judizialek bizikidetzari inolako ekarpenik ez diote egiten. Honen aurrean beste biderik ez zaigu geratzen: giza eskubide guztiak, salbuespenik gabe, aldarrikatzea eta defenditzea”.
PP
"Terrorismoaren kontrako bidean nondik joan behar den erakutsi digu epaiak. ETA bukatzeko Espainiako Gobernuak eta PPk bat egiten duten estrategia oso eraginkorra da. ETAri eta hura laguntzen dutenei legediaren pisu dena erori behar zaie".
ELA
"Iritzi politikoak zigortzen dira. Epaileak bata bestearen atzetik ari dira horrelako erabakiak ematen, eta beldur gara ez ote den gauza bera gertatuko EHAKri buruzko sententzia kaleratzen denean. Espainiako botereen helburua euskal gizarteko sektore bat bete-betean kriminalizatzea da. ELAk berretsi egin nahi du presoen eskubideekiko hartu duen konpromisoa, eta salatu egiten du justiziaren eta demokraziaren oinarriekin zerikusirik ez duten politiken ondorioz haiek pairatzen duten egoera larri eta onartezina".
LAB
"EAE-ANV legez kanpo uztearen eta AAMren kontrako epaiaren bidez, Espainiako Estatua errepresio basatia ari da gauzatzen. Horrek agerian uzten du bere demokrazia eza. Argudio juridikoz mozorroturiko epaiak dira. Gizarteari dei egiten diogu mobilizatzeko".
STEE-EILAS
"Neurri hauek ez dira demokratikoak, eta euskal gizarteko multzo bat baztertu egin nahi dute".
Lokarri
"Dena ETA dela diote, baina hori ez dute frogatu epaiketa honetan ere. Gaur eman duten epaia oinarrizko eskubide eta askatasun demokratikoen murrizketa da, eta auzipetu guztiak libre uzteko eskatzen dugu".
AVT
"Pozik gaude Askatasuna eta Amnistiaren Aldeko Batzordeak desegin egingo dituztelako. Garrantzitsua da hori, ETAren babesa direlako".
Dignidad y Justicia
"Demokraziaren garaipena da epaia, eta ETAren sare zibila garaitzeko aurrerapausoa. Arrakasta biribila lortu dugu, hiru kasutan izan ezik, hiru kide ez dituztelako zigortu. Hauek ere azkenean zigortu egingo dituzten itxaropena dugu, ordea. Askatasuna eta Amnistiaren Aldeko Batzordeak hemendik aurrera erakunde terrorista bezala joko dira, eta hori da garrantzitsuena".
ERREAKZIOAK.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu