Ia 100 urtez ekinbide armatua jorratuta, hura bukatutzat jo eta lan politikoa Sinn Feinen esku utzi zuen 2005eko uztailean IRA Irlandar Armada Errepublikanoaren ondorengo nagusiak, IRA Probisionala-k.
Borrokaren lekukoa eskuz aldatu da
Juanma Sarasola
Borroka armatuaren aroa bukatutzat jo du IRA Irlandar Armada Errepublikanoak, bide luzea eginda. Senide errepublikanoak, Sinn Feinek, eskatuta egin du urratsa, eta horren esku utziko du lan politikoaren ardura. Bake prozesua oraingo impasse-tik ateratzen laguntzeko eta ordezkari politikoek —batez ere Londresek eta horren aliatu unionistek— boterea partekatzeko aitzakiarik jar ez dezaten lagungarri izango da erabakia. Azken hileotan iazko abenduan Belfasten izandako banku lapurretagatik eta armak ez suntsitzeagatik kritiken jomuga izan dira IRA eta urtetako bidelaguna, Sinn Fein.
Arlo militarrean ekiteari utzita, IRA erreferentzia historikoa eta sinbolikoa izango da. Erabaki zaila izan da IRAko kideentzat, batik-bat hasieratik finkatutako bi helburu, Irlandaren independentzia eta britainiarren erretiratzea, betetzeko daudelako. Belaunaldi asko hazi dira aiton-amonen nahiz gurasoen borroka istorioak entzuten, istorio horiek rebel song gisa ekitaldi eta tabernetan kantatzen eta gatazka kalean mamitzen eta sufritzen.
Orain, helburu horiek bide politikoetatik lortzeko alternatiba badagoela esan du IRAk. UVF Ulsterko Boluntarioen Indarrak talde loialistak (1914an sortua, 1964an berpiztua) bezala itzal handia eta historia luzea ditu talde armatu errepublikanoak. Erakunde ofizial batek (Irlandako Armada) eta hainbat taldek bere egiten dute IRAren gaelikozko izena (Oglaigh na hEireann; Irlandako Boluntarioak): IRA Probisionala, IRA Ofiziala (desagertua) eta Continuity IRA zein RIRA Benetako IRA (90eko hamarkadako zatiketak).
Historiak eta sustraiek garrantzia handia dute Irlandan. 1916ko Pazkoko matxinadan, britainiarren (1169tik okupatzen dute uhartea) aurkako hamaikagarren erreboltan, ICA Irlandako Herritarren Armadak (langileen autodefentsarako sortua, James Connolly sozialista abertzalea buru), Irish Volunteers edo Boluntario Irlandarrak taldearen zati batek eta Michael Collins buru zuen IRB Irlandar Anaitasun Errepublikanoa talde sekretuak bat egin zuten.
Matxinadak militarki porrot egin arren, 16 buruzagi fusilatzeak piztutako haserreak herritarrek mugimendu errepublikanoa (IRA eta matxinadan parte hartu ez zuen Sinn Fein alderdia) babestea eragin zuen; 1918an Irlanda osoko 105 diputatuetatik 73 lortu zituen Sinn Feinek. Gainera, I. Mundu Gerraren azken hilabeteetan Londresek bere menpeko herritarrak soldadu derrigortuta joan beharra ezartzeko asmoa azaltzean irlandar asko errepublikanoak sostengatzen hasi ziren.
Sinn Feinek sortutako lehen legebiltzar independentistak armada ofizialtzat hartu zuen IRA, 1919ko urtarrilean. Britainiarren erantzuna legebiltzarrak sortutako instituzio oro debekatzea izan zen. Ondorioz gerra piztu zen Dublingo gobernu independentistaren eta Londresko gobernuaren artean. Gerra gehienbat hegoaldean borrokatu zen. Errepublikanoek soldadu britainiarren eta hauen aliatu loialisten aurka egin zuten. Britainiarrek ia uharte osoan gerra legea ezarri, hiri askotan denda eta fabrikak erre, presoak torturatu eta exekutatu, eta hiru alkate irlandar hirurak Sinn Feineko eta IRAko kideak hil zituzten. IRAk, bere aldetik, gerrilla taktikak erabili, eta loialisten jauregi ugari erre eta soldadu eta polizia asko hil zituen.
Flying Column edo Zutabe Ibiltari gisa antolatutako erasoak (tartean Tom Barryk Cork konderrian gidatutakoak) testu liburuetako eta mundu osoko borroka antikolonialisten eredu bilakatu ziren. IRAk britainiarrak negoziazio mahaian esertzea lortu, eta su-etena eman zuen 1921eko uztailean. Negoziazioen ondorioz Ituna sinatu zuten bi aldeek, eta Irlandako Legebiltzarreko diputatu gehienek eta herritarrek bozketan onartu zuten.
Zatiketa eta gerra zibila
Itunari jarraiki, Irlandako 26 konderritatik erretiratu zen Londresko administrazioa eta armada; ez, ordea, iparraldeko sei konderritatik, unionisten presioagatik. Itunak Sinn Feinen eta IRAren zatiketa eragin zuen. Hegoaldean Free State edo Estatu Librea antolatzen hasi ziren bitartean, uharte osoa askatzeko borrokan segitu zuen IRAren zati handi batek. Itunaren aldekoak eta kontrakoak gerra zibila saihesten saiatu baziren ere, 1922an piztu zen.
1923an, gerra galdu zuela onartuta, garai hobeetarako gorde zituen armak IRAk. Sinn Fein ere ahuldua geratu zen, areago 1926an De Valerak alderdia utzi eta Fianna Fail sortu zuenean. 1933an De Valera agintera eraman zuen kanpainan lagundu zuen IRAk, eta 1934an Republican Congress zatiketa ezkertiarra (1936an Espainiara Errepublikaren alde borrokatzera joan zen Frank Ryan buru) izan zuen. 1939 eta 1941 artean Ingalaterran bonbak jartzeari ekin zion (hamarkada batzuk geroago bezala), baina urtetan oihartzun gutxi izan zuen IRAk.
1956tik 1962ra Mugetako kanpaina-ri ekin, eta Irlanda iparraldean soldadu britainiarrei eta RUC Poliziari eraso zien arren, ez zuen okupazio indarrak egoztea lortu. 1968an iparraldeko katolikoen eskubide zibilen aldeko martxak gogor zapaldu zituen Poliziak. 1969an IRA biztanle katolikoak loialisten eta Poliziaren erasoetatik babesteko gai izan ez zela eta "ildo marxista" hartu zuela argudiatuta, mugimendu errepublikanoan zatiketa izan zen. Joe Cahill beteranoa eta hainbat kide, Probisionalen sektorea (egungo Sinn Fein eta IRA) osatuta, sektore Ofizial-etik bereiztu ziren. 1974an, IRA Ofizialetik INLA Nazio Askapenerako Armada Irlandarra sortu zen. IRA Probisionalak eta Ofizialak su-etena eman zuten 1972an, Bloody Sunday-n (Igande Odoltsua) britainiarrek eragindako sarraskiaren ondoren herritarren babesa izugarri handitu eta gero. Gerora Sinn Feineko buru izango ziren Martin McGuinness (provo-en Derryko orduko burua) eta Gerry Adams (Long Kesh kartzelatik berariaz askatuta) beste buruzagi batzuekin Londresera helikopteroz eraman zituzten britainiarrek, negoziatzera. Alta, ez zuten deus lortu.
Su-eten gehiago
1974ko abendutik 1976ko urtarrila arte beste tregoa bat eskaini zuen IRA Probisionalak, nahiz eta tarteka erasoak gertatu. Meniaren jarraipena egiteko Behaketa Guneak ireki zituen Londresek, eta Sinn Feinekin koordinatu. Haatik, negoziazioek huts egin eta gatazka berriz gordindu zen. Urterik latzenak 1972 (ia 500 hildako), 1974 eta 1976 (300 bat hildako urte bakoitzean) izan ziren. Londresek Ulsterisation politika bultzatzeak ez zuen arazoa konpontzen lagundu.
Loialisten, Poliziaren eta soldaduen erasoek iparraldeko nazionalistek IRAri eta beste talde errepublikanoei sostengu zabala ematea eragin zuen, baita kartzeletan estatus politikoa lortzeko presoek eginiko urte luzeetako protestek eta 1981eko gose grebak eragindako 10 heriotzek (IRAko 7 kide eta INLAko 3) ere.
Komunitatearen babesa eta erabiltzen zituen taktikak zirela-eta IRA "munduko gerrilla talderik eragingarriena" izatera iritsi zela esan zuten adituek.
Gatazka soilik armekin irabazi ezin zela ikusirik, eta aterabide politikoa bilatzeko, Sinn Feineko buru Gerry Adamsek eta SDLP alderdi nazionalista moderatuko buru John Humek bake proposamena aurkeztu zuten 1993an. Jarraian IRAren eta talde paramilitar loialisten su-etenak (1994an), alderdien zein gobernuen arteko elkarrizketak, su-etenen (IRArena, 1996ko otsailean) eta elkarrizketen urraketak, beste tregoa bat (1997an), bazterketak... etorri ziren.
Negoziazioei esker Ostiral Santuko Akordioa lortu zuten 1998an, Irlanda osoko biztanleek erreferendumean onartua. Baina prozesu politikoa mantso doa. Londresek lau bider eten ditu Irlanda iparraldeko instituzio autonomoak, azkena 2003ko bozetan SFk gorakada handia (iparraldeko bigarren alderdia izateraino) izan aitzin.
Loialistei ez bezala, IRAri behin eta berriro eskatu diote armak suntsitzeko. Bitan zehaztu gabeko arma kopurua suntsitu du, baina unionistek eta Londresek errendizioa bilatu dute. Alferrik, ordea. Desegin eta armak utzi, bai; helburu politikoetan amore eman, ez. Sinn Feinek hartu du lekukoa.
ERREPORTAIA. Irlandako errepublikanoen borrokaren lekukoa eskuz aldatu zenekoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu