Erredakzioa
Espainiako fiskal nagusi Candido Conde-Pumpidok atzo jakinarazi zuenez, Estatuko Fiskaltza Nagusiak hartu ditu, jadanik, «Alderdien Legeari iruzur egin diezaiokeen edozein hautes-zerrendari aurre egiteko beharrezko neurriak». Herritarren Zerrendari buruz ari zela egin zituen adierazpen horiek Conde-Pumpidok . Fiskal nagusiak azaldu zuenez, Espainiako Barne Ministerioaren zein Estatuko Abokatuaren «laguntzarekin» hartu ditu neurriak, «Alderdien Legeari iruzur egin nahi dion edozein kaldidaturaren aurrean, berehala erreakzionatzeko».
Europako hauteskundeetarako zerrendak aurkezteko epea astelehenera arte zabalik dagoen arren, Espainiako Gobernuak iradoki du HZren hautagaitza galarazten saiatuko dela; eta PPk askoz argiago hitz egin du horren inguruan. Jaime Mayor Oreja PPko Europarako zerrendaburuak adierazi zuenez, bere alderdiko kideak «zelatan» egongo dira «Batasuna ez dadin Espainiako demokrazian atzeko atetik sartu». Horretarako, «zerrenda nortzuk osatzen duten eta iruzurrik ba ote dagoen zehatz-mehatz aztertuko dugu, ETAkoak zein ETAren ingurukoak direnei Espainiako demokrazian sartzea galarazteko baitaukagu Alderdien Legea». Izan ere, PPren ustez, legez kanpo dagoen Batasunak sustatu du Herritarren Zerrenda.Espainiako Kongresuko Justizia Saileko PPren eledun Ignacio Astarloak ere ez du baztertzen HZren hautagaitza inpugnatzeko aukera. Astarloak Espainiako Gobernuari zein Fiskaltza Nagusiari «Alderdien Legea betearazteko dituzten baliabide guztiak erabiltzeko» eskatu zien atzo goizean. Areago, PPko diputatuaren arabera, Hauteskunde Batzordeak hautes-zerrenda ontzat emango balu, «erabakia Espainiako Auzitegi Gorenean inpugnatzea izango litzateke PSOEko gobernuaren betebeharra, Auzitegiak HZ legez kanpokotzat jo dezan».Juan Fernando Lopez Aguilar Espainiako Gobernuko Justizia ministroak, gaiaren inguruan «azterketa juridiko zehatza» egingo duela esan arren, ez zuen erabakirik aurreratu nahi izan. Dena den, Lopez Aguilar ere «iruzurra» galarazteko beharraz aritu zen. «Badira aurrekari batzuk eta haiek zehaztuko dute gure jokabidea», gaineratu zuen
Europako hauteskundeak / Herritarren Zerrenda
Espainiako Fiskaltzak Alderdien Legea bete dadin «neurriak» hartu ditu
«Alderdien Legeari iruzur egin diezaiokeen edozein kandidaturaren aurrean berehala erreakzionatzeko» prest dagoela jakinarazi du Conde-Pumpido fiskal nagusiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu