Estrategiaren ardatzak

2010eko urtarrilaren 4a
09:20
Entzun
Hona hemen ezker abertzalea eztabaidatzen ari den Fase politikoaren eta estrategiaren argipena dokumentuaren pasarte batzuk:

FASE POLITIKOA

Aldaketa. "Fase politiko hau aldaketa politikoaren fasea da. Behin aldaketarako baldintzak sortuta, aldaketa gauzatzekoa. Beraz, fase politiko honen helburua, aldaketa politikoa egitea da".

Prozesu demokratikoa. "Helburu hori lortzeko, indar metaketa, indarren aktibazioa, indar-harremanen aldaketa, negoziazioa eta akordio politikoa oinarri izango dituen prozesu demokratikoa artikulatu beharra dago".

ESTRATEGIA INDEPENDENTISTA

Helburu taktikoa. "Autodeterminazioaren eta lurraldetasunaren korapiloei erantzun adostua emango dien marko demokratikoa da egungo gure helburu taktikoa".

Korapiloa. "Azken negoziazio saioan, lau herrialdeetako batasunaren afera izan zen korapilo nagusietako bat. Horren inguruan hausnarketa egin beharra dago".

Nazio eraikuntza. "Eraikuntza nazionalean urrats eraginkorrak egiteko prozesu demokratikoa artikulatu eta botere mailak eskuratu behar ditugu, arlo horretan ere instalatutako blokeoa gainditu eta bere zerbitzura baliabide ahaltsuak jarri ahal izateko. Gure estrategia boterea eskuratzean oinarritzen da".

PROZESU DEMOKRATIKOA

Estrategikoa. "Prozesu demokratikoa aldaketarako estrategia eraginkorra da".

Inongo indarkeriarik gabe. "Prozesu demokratikoak euskal herritarren hitza eta erabakia izan behar ditu oinarri eta beraz, inongo indarkeriarik edota kanpo injerentzia bidegaberik gabe garatu beharko da".

Graduala. "Prozesu denez gero, dinamikoa eta graduala, helburuetara urratsez urrats hurbiltzen dena, behar du".

Negoziaziotik haratago. "Prozesu demokratikoa ez da negoziaziora mugatzen eta ez du negoziazioarekiko menpekotasunik, ez erabatekorik bederen".

Bermeak. "Argi izan beharra dago, prozesuaren garapena nola, negoziazioen bidez erdietsitako akordioak betearazteko eta atzeraezin bilakatzeko berme bakarra indar metaketa, indar harremanen aldaketa eta nazio eraikuntza direla".

Aliantza politika. "Ezker Abertzaleak herri honentzako burujabetza nahi duten sektoreak bildu eta norabide independentistan lerrokatzeko estrategia zehaztu behar du. (...) Aliantza askotarikoa behar dugu fase honetan; bestela, dogmak itsuturik, ez baitugu inoiz gehiengo independentistarik gauzatuko eta, horrenbestez, proiektu independentistaren kontra egingo baitugu".

Negoziazioa. "Negoziazioa ez da bere horretan helburu bat. Lanabesa da. Negoziazio eskema Anoetako proposamenean jasota dago".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.