Ekintza armatuak etetearen aldebakarreko, eperik eta baldintzarik gabeko erabakiari jarraipena ematen diola adierazten duen ETAren komunikazio publikoa balio ukaezineko ekarpena da Ezker Abertzalearen iritziz. Bakea ezartzeko eta gatazkaren konponbide definitiboaren ildoan elkarrizketa eta negoziazio esparruak garatzeko ezinbesteko markoa den prozesu demokratiko bat egonkortzeko ekarpena egin du ETAk.
Azken hilabeteotan Ezker Abertzaleko oinarriek era burujabean garaturiko eztabaida eta “Zutik Euskal Herria” ebazpenean jasotako ezbairik gabeko izaera estrategikoa duten ondorioek,eta ETAren eskutik zehazturiko konpromiso honek, Euskal Herrian fase politiko berri baten abiatzea atzeraezin bihurtzen dute gure iritziz.
Egungo blokeo, indarkeri, errepresio eta eskubide demokratiko eta nazionalen urraketa masiboko errealitatea behin betiko gainditzea ahalbidetuko duen agertokiari ateak irekitzen ari zaizkiola deritzo Ezker Abertzaleak.
Zentzu honetan, nazioarteko hainbat pertsonalitatek formulaturiko Bruselako Adierazpena erreferentzia saihestezina da bide baketsu eta demokratikoetatik konponbide politiko agertoki bateranzko bidea modu definitibo eta atzeraezin batean egonkortzeko.
Guztiarekin, Ezker Abertzalea bere apustu politikoan berresten da, eta berarekin koherentziaz, itxaropen eta aukerez beteriko zerumuga indartuko duten iniziatibak garatzen eta konpromisoak hartzen jarraituko du.
Guzti horregatik, Euskal jendartearen gehiengoaren nahiari era eraikitzailean erantzuteko arduraz jokatzeko dei egiten diegu eragile politiko, sindikal eta sozialei, Madril eta Pariseko Gobernuei eta Nazioarteko Komunitateari.
Alde-askotako konpromiso eta ekarpen eskaeren protagonista aktiboa izan dadin deia luzatzen diogu euskal jendarteari, jendartea bera delako prozesu politiko normalizatu baten garapenerako eta guztion artean eraiki beharreko bake eta konponbide demokratikoen agertoki baten eraikuntzako berme bakarra.
2010eko irailak 5, Donostia,
ezker abertzalea
Ezker abertzalearen oharra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu