Faborito nagusiak

Igor Susaeta.
2009ko uztailaren 4a
13:07
Entzun
Alberto Contador (Astana taldea, 26 urte)

Egun tropelean dagoen igotzailerik onena da espainiarra, eta erlojupekoetan, gainera, gora egin du nabarmen, azkenaldian ikusi den bezala. Hiru itzuli handiak irabazitakoa, txirrindulari fidagarria da, eta irabazteko hautagai nagusia, bere talde barruan sor daitekeen giroari eta presioari aurre egiten baldin badio.

Carlos Sastre (Cervelo, 34 urte)

Iazko garailea da, eta horrek zerbait esan nahi du. Gainera, aurtengo Giroan sasoiko jarraitzen duela erakutsi du, bi etapa irabazita eta nagusian laugarren izanda. Corsa Rosa-n egindako esfortzutik errekuperatu baldin bada, hautagai sendoa da. Batik-bat, oso erregularra eta esperientzia handiko txirrindularia delako. Beti bezala, zuhur mintzatu da Tourraren atarian.

Cadel Evans (Silence-Lotto, 32 urte)

Bigarren sailkatu da azkeneko bi Tourretan, eta beti hor dago lehian; txirrindulari fidagarria dela, alegia. Dauphine Liberen ez zen nagusitu Alejandro Valverderen indarrak ez zituelako ondo kalkulatu. Baina sasoiko, sasoikoegi agian, zegoela erakutsi zuen, erasokor jokatuta. Espezialista da erlojupekoetan, eta mendian zaila da bera atzean uztea.

Denis Mentxov (Rabobank, 31 urte)

Tourrarekin obsesionatuta egon da beti, baina irabazi, irabazi, Giroa irabazi du aurten; erakustaldia emanda, gainera. Horrek konfiantza handia eman dio errusiarrari, eta esfortzutik errekuperatu baldin bada, muturrean ibiliko da. Gainera, ibilbidea, mendi tente-tenterik gabe, egokia da harentzat. Halere, Tourrean sekula ez da nabarmendu.



Lance Armstrong (Astana, 37 urte)

Inoiz Tour gehien irabazi dituen txirrindularia da: zazpi guztira. Lau urte lehiatu gabe pasatu ondoren, itzuli egin da. Giroan, sasoiko egon ez arren, 12. izan zen, eta gorantz egin zuen etapak jokatu ahala. «Tourra irabaztea da nire intentzioa», esan berri du estatubatuarrak. Baina Contadorri laguntzeko prest dago, bera baino gehiago dela ikusten baldin badu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.