Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Iñaki de Juana presoak Donostian daukan etxebizitza behin-behinean eta "berehala" bahitzeko eskatu du, honek "biktimekiko daukan zorra ordain dezan". Etxea bahituko baliote, horrek ez du esan nahi han ezingo lukeenik han bizi.
De Juana epaitu zuten Zigor Kodearen arabera, presoak ez luke inolako arazorik izan behar behin aske izanda nahi duen tokian bizitzeko. Hala eta guztiz ere, Espainiako Gobernuko kideek jada aurreratu dute «ahalegin guztiak» egingo dituztela aipatutako egoera eta aurrerantzean sor litezkeenak gerta ez daitezen.
Presoaren eta haren emazte Irati Aranzabalen ondasunak ikertzeko ere eskatu du Ignacio Gordillo fiskalak, presoak "zorra" saihestu nahi duelakoan. Aranzabalena da etxea eta, zenbait komunikabidek argitaratu dutenez, De Juana biziko den auzoan ETAren biktima izandako hainbat pertsona bizi dira. "Terrorismoa gertutik bizi izan duen pertsona batentzat ez da batere ona alboan hiltzaile bat edukitzea. Ikaragarrizkoa da", adierazi zuen atzo Espainiako Justizia ministro Mariano Fernandez Bermejok.
PP eta PSOE ados azaldu dira gaur fiskalaren eskaerarekin. Mariano Raxoi PPko presidenteak "erabateko babesa" adierazi dio, eta Jose Antonio Alonso Espainiako Parlamentuko PSOEko bozeramaileari "egokia eta logikoa" iruditzen zaio neurria.
Abuztuaren 2an irtengo du De Juanak kartzelatik, zigorra beteta. Gara egunkarian idatzitako iritzi artikulu bategatik zigortu zuten, hiru urterako.
Azkarragaren kritikak
Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuaren ustez, De Juanaren kasuan "muga asko ari dira gainditzen". Presoaren kontrako "jazarpena" egiten ari direla iritzi dio. "Denei bezala ezarri behar zaio Justizia hari".
Kandido Azpiazuren kasua
Urolakostakohitza.info
Espainiako Auzitegi Nazionalak enkantean jarri du gaur Kandido Azpiazu ETAko kide ohiaren Azkoitiko (Gipuzkoa) kristaldegiaren %50, eta haren emazteak eskuratu du. Enkantea Azpeitiko 1go Epaitegian izan da eta Auzitegi Nazionaleko Lehen Sekzioak kudeatuko du, horrela, salmentarekin lortu duten dirua kontuan sartuko dutela bermatuz.
Lortutako dirua, Azpiazuri hilketa baten ondorioz agindu zioten erantzukizun zibila ordaintzeko erabiliko dute. Dendaren beste %50 Azpiazuren emaztearena zen.
Gaurko enkantearen hasierako prezioa %70ean gainditu du Milagros Altunak, Azpiazuren emazteak. Guztira, 46.438 euro ordaindu ditu; 22.575 euro lokal txikiagatik eta beste 23.863 lokal handiagatik.
Fiskalak De Juanaren etxea bahitzeko eskatu du
Presoak "biktimekiko daukan zorra" ordaindu egin behar duela iritzi dio Gordillo fiskalak. De Juana epaitu zuten Zigor Kodearen arabera, presoak ez luke arazorik izan behar behin aske izanda nahi duen tokian bizitzeko. Abuztuaren 2an irtengo du kartzelatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu