Egunkaria-ren aurkako epaiketa herenegun hasi zen Espainiako Auzitegi Nazionalean eta epaiketako orain arteko bi saioetan fiskalak izan duen jarreraren balorazio ona egin du Martxelo Otamendi Egunkaria-ko zuzendari zenak. Hala ere, "kezkatuta" daudela nabarmendu du. Herenegun bost auzipetuak deklaratu zuten Javier Gonzalez Bermudez epailearen aurrean eta atzo, berriz, hiru guardia zibilek. Bi kasuetan Miguel Angel Carballo fiskalak ez zien galderarik egin.
Otamendik adierazi du Espainiako Gobernuak 2003an kazeta ixteko zuen azalpen bakarra “susto” bat eman nahi izatea dela, "independentzia asmoak geldiarazteko prest zirela erakusteko". AVT eta Dignidad y Justicia epaiketan akusasio gisa ari direnak “PP eta Guardia Zibilaren beso juridikoak" direla gaineratu du.
Otamendiz gain, beste lau lagun daude Egunkaria auzia-n auzipetuta: Iñaki Uria, Xabier Oleaga, Joan Mari Torrealdai eta Txema Auzmendi. Dignidad y Justiciak eta AVTk 12 eta 14 urte arteko kartzela zigorra eskatzen dute auzipetu bakoitzarentzat -14 eta 15 urte bitarteko inhabilitazioa ere bai-, ETAkoak direlakoan.
Urtarrilaren 12ra (asteartea) arte ez da beste saiorik izango, atzo epaimahaiak jakinarazi zuenez; orduan, kartzelan dauden Egunkaria-ren lekukoek deklaratuko dute. Ondoren, urtarrilaren 25etik 29ra izango dira saioak.
Fiskalak epaiketako bi egunetan izan duen jarreraren balorazio ona egin du Martxelo Otamendik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu