Gomazko pilotak iragana izango dira Nafarroako Foruzaingoan datorren urtetik aurrera. Mikel Santamaria Foruzaingoaren Komunikazio inspektoreordeak BERRIAri jakinarazi dionez, aurten jada kendu dituzte gomazko pilotak eta horiek botatzeko eskopetak. Ertzaintzak egin duen moduan, gomazko pilotak foam-ezko jaurtigaiengatik ordezkatuko dituzte, "Kataluniako Poliziak eta Ertzaintzak erabiltzen dituztenen antzekoak".
Memory foam izeneko material batez egindako munizio bat da hori. Jaurtigaiak zilindrikoak dira, eta hiru zatik osatzen dute: karkasa, sua eragiteko 9 milimetroko kartutxoa eta puntan golf pilota baten itxura duten apar biskoelastikozko atala. Hainbat desberdintasun dituzte horiek gomazko pilotekiko. Batetik, zuzenean bota dezakete poliziek errebote baten beharrik gabe. Jaurtigai horren defendatzaileek diote zehatzagoa dela horregatik. Izan ere, gomazko pilotak berez lurrerantz bota behar ziren, eta errebotatu ondoren jo. Bestetik, pilotek ez bezala jaurtigai hauek kolpearen indarra xurgatu egiten dutela diote aldekoek. Less lethal munizioaren barruan kokatzen da —ez hain hilgarria—, gomazko pilotak bezala.
Nafarroako aldaketaren alderdiek iaz akordio programatikoan jaso zuten gomazko pilotak erabiltzeko debekua. Foruzaingoari dagokion atalean laugarren puntuan dio horren jarduera arautzeko protokolo bat egitea adostu dutela, gomazko pilotak botatzeko eskopetak erabiltzea debekatuz eta jendea sakabanatzeko piloten erabilera debekatuz.
Une honetan frogak egiten ari dira foruzainak eskura duten materialarekin. «Kolpea ematerakoan deformatu egiten dira foam-ezko jaurtigaiak; mina eragiten dute, ez lesio ebakidunik», azaldu dio Esku-Hartze Brigadetako arduradun batek BERRIAri. Urte bukaerarako material berria erabiltzeko foru agindua onartu beharko du Maria Jose Beaumont Lehendakaritza eta Barne kontseilariak.