«Funtzionaltasunari begira lan egiten dut, baina sormenari tartea utziz»

Irune Berro Urrizelki.
2016ko martxoaren 31
19:17
Entzun

2004an egindako elkarrizketa da ondokoa.

Estrasburgoko tren geltokia egin ondotik diseinatu du Durangokoa Zaha Hadid arkitektoak (Bagdad, 1950). Mies van de Rohe saria eskuratu zuen Frantzian eginiko proiektuarengatik. Eta hilabete honen bukaeran Pritzker saria jasoko du San Petersburgon. Arkitekturan Nobelaren pareko garaikurra da Pritzkerra, eta hura jasotzen duen lehenengo emakumea izango da Hadid. Baina, sariak sari, bere proiektuak kontutan hartuak izateko, luze borrokatu dela aitortu du.

Bizkaian gauzatuko dituzu esku artean dituzun proiektuetako bi. Durangoko EuskoTrenen egoitza nagusia eraikitzeko proiektu lehiaketa irabazi duzu, eta horretaz gainera, Bilboko Zorrotzaurre gunea urbanizatzeko ardura ere baduzu. Ba al dute loturarik proiektu bi horiek?

Ez. Baliteke topografiaren ezaugarrien arabera bai baterako zein besterako eginiko antolaketa antzerakoa izatea, baina proiektuak desberdinak dira errotik. Oraindik, gainera, goiz da Zorrotzaurre nola geratuko den jakiteko.

Deskonstruktibismoaren ordezkari nagusietakoa zara. Ba al dute Durangoko nahiz Zorrotzaurreko proiektuek mugimendu arkitektoniko eta estetiko horren ezaugarririk?

Ez dut uste, ez nuke nahiko.

Zergatik ez?

Deskonstruktibismoarena aspaldiko kontua da, duela 15 urtekoa.

Pritzker saria jasoko duzu hilaren 31n. Arkitekturaren esparruan Nobel sariaren pareko garaikurra da. Saria jasotzen duen lehenengo emakumea zara. Ze irakurketa egiten duzu?

Pritzkerra urteetan egin dudan lanagatik ematea espero dut, eta ez emakumezko arkitektoa izateagatik. Duela 26 urtetik ematen du AEBetako Hyatt fundazioak Pritzker saria; beraz, orain arte emakumezko arkitekto batek ere ez baldin badu jaso, geure buruari galdetu beharko genioke jendarteak emakumeek egiten duten arkitektura estimatzen duen edo ez. Zergatik igaro behar izan diren 26 urte emakume batek Pritzkerra jasotzeko.

Zerk bultzatuta hasi zinen arkitekturan?

Txikitatik eduki dut argi arkitekto izan nahi nuela, «arkitekto izan nahi dut» esaten nuen. Betidanik gustatu zait espazioak antolatzea, diseinua... Ez dakit oso ondo zergatik, baina azkenean matematikak ikasi nituen. Londresera joan nintzen ondoren, eta bertan benetan gustuko nuena egitea erabaki nuen. Hau da, arkitektura ikastea eta arkitekto gisa lan egitea.

Zure proiektuek berezitasun ugari azaltzen dituzte, ez dira eraikin edota espazio soilak. Artea egiten al duzu?

Ez. Hiriak handitasunean haz daitezen lan egiten dut. Orain arte ezezagunak zaizkigun efektuak izango dituzten espazioak nola lor ditzakeedan aztertzen dut. Arkitekturan espazioaren antolakuntzatik haratago joan nahi dut. Formula ezberdinak arakatu, burua nekatu eta argiarekin, lerroekin eta formekin esperimentatu. Nire lana da. Arkitektura. Inondik inora artea.

Ohiko arkitektura moldeei desafio eginez lan egiten duzula diote adituek.

Bai, askotan entzun dut hori, eta tira, zer nahi duzu esatea. Espazioen funtzionaltasunari begira lan egiten dut; horrek, dena den, ez du esan nahi sormenari tarterik uzten ez diodanik. Are gehiago, funtzionaltasuna ahalik eta ondoen gauzatzeko, orduan eta gehiago landu behar da kreaziorako gaitasuna.

Zure proiektuak poliki-poliki gauzatuz doaz. Orain arte eginiko obraren zati handi bat, alabaina, proiektu estatusean geratu da, eta horregatik, «paperezko arkitektotzat» jo zaituzte askok.

Egiten nituen proiektuak antza ez zituzten gustuko. Izugarri borrokatu naiz nire proiektuak gauza zitezen alde, paperezko arkitektoa izatea ez zaio inori gustatzen.

Bagdaden jaio, eta Suitzan egin zenituen ikasketak lehendabizi eta Libanon eta Ingalaterran ondoren. Herri askotan izan zara, eta kultura asko ezagutu dituzu. Zertan eragiten dizu horrek arkitektura egiteko orduan?

Ez dakit zertan zehazki, baina argi dago 53 urtetan bizi dudan guztiak eragin handia izan duela ni gan eta nire lanetan. Zaila da nonbaiten egotea eta bertan bizitzen duzunaren eraginik ez jasotzea.

 

Biografia laburra

1950: Bagdaden (Irak) jaio zen.

1977: Londresko Architectural Association elkartearen diploma.

1983: The Peak Leisure Club (Hong Kong) egiteko proiektua.

1986: Berlingo Kufurstendamm egiteko proiektua.

1986: Weil am Rhein (Alemania) hiriko Vitra Fire Station eraikina.

1991: Erich Schelling saria.

1992: 'The Great Utopia' instalazioa New Yorkeko Guggenheimen

1994: Cardiffeko (Gales) Bay Opera House.

2003: Cincinnatiko (AEB) Arte Garaikideko Museoa.

2004: Pritzker saria eman diote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.