Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionalaren epaileak gaur "Batasuneko 40 arduraduni" ohartarazi die "politikan" aritzea debekatua dutela, Espainiako Justiziak alderdia legez kanpo joa duela-eta. 40 lagun horiek auzipetuta daude Batasunaren auzian, ETAkoak direlakoan. Jarduera horiek "organikoak, instituzionalak, politikoak, sozialak, mediatikoak eta bestelakoak" direla dio epaileak, eta "zuzenean edo zeharka egindakoak". "Hori ez bada betetzen, zigorrak egon daitezke".
Batasunaren jarduerak 2002an eten zituen Garzonek berak, eta etzi bukatuko da epea; gehienez bost urtekoa izan daiteke etetea. Epearen bukaera dela-eta autoa atera du epaileak gaur eta, hark dioenez, nahiz eta jardueren etetea ezin den luzatu, Auzitegi Gorenak legez kanporatzeaz emandako epaiak ondorioak ditu". Hau da, Batasuneko arduradunek ezin dutela "politikoki" aritu.
Garzonek otsailaren hasiera aldera buka dezake sumarioa, eta Auzitegi Nazionalak udaberrian egin dezake epaiketa, auzitegi bereko iturrien arabera.
40 kide haietatik 22 kartzelan dauzkate. Joan den urriaren 4an, Batasuna auziarekin lotuta, Seguran eta Olabarrian (Gipuzkoa) Imanol Iparragirre, Mikel Zubimendi, Jon Garai, Juan Kruz Aldasoro, Anjel Mari Elkano, Rufi Etxeberria, Hasier Arraiz, Ibon Arbulu, Aner Petralanda, Joseba Permach, Juan Joxe Petrikorena, Marisa Alejandro, Arantza Santesteban, Maite Fernandez de Labastida, Maite Diaz de Heredia, Joana Regeiro eta Ana Lizarralde atxilotu eta kartzelan sartu zituzten.
Egun batzuk geroago Beasainen (Gipuzkoa) Asier Imaz eta Madrilen Gorka Diaz atxilotu zituzten, eta preso daude, auzi beragatik. Abenduan Marije Fullaondo atzeman zuten Errigoitin (Bizkaia), eta hura ere espetxean daukate.
Arnaldo Otegi -ekainetik- eta Joseba Alvarez -urritik- Batasuneko zuzendaritzakideak ere preso daude, beste auzi batzuengatik.
Garzonek ohartarazi du Batasuneko 40 arduradunek ezin dutela "politikan" aritu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu