GAURKO ERREAKZIOAK. Miguel Sanz: "Komenigarria litzateke ez-abertzaleek gobernua osatzea"

2009ko martxoaren 2a
16:32
Entzun
Iñaki Oiartzabal (PP)

"Behin ere baino erabakigarriagoak izango gara Eusko Legebiltzarrean, baina guk ez dugu inolako obsesiorik gobernuan egoteko. Guk nahi duguna, politikak aldatzea da. Oraindik goiz da akordioez hitz egiteko, baina PP prest dago aldaketa bultzatzeko, eta gure apustuak Gernikako Estatutua eta ETA garaitzea dira".

Soraya Saenz de Santamaria (Espainiako PP)

"Atzo Antonio Basagoitik esandako bera diogu: aldaketarako aukerak daude eta hori bultzatuko dugu".

Joseba Egibar (EAJ)

"Gaur ere hipotesi bezala ez dut ikusten EAJ-PSE akordioa, eta Ibarretxe ikusten dut nik lehendakari. Dena dela, Madrilen esan dute aldaketa nahi dutela".

Andoni Ortuzar (EAJ)

"Erraz irabazi ditugu hauteskundeak, eta orain arduraz egin behar ditugu gauzak. Egoera zaila dago denontzat eta guk denekin hitz egingo dugu. Hortik aurrera, ikusiko".

Jose Antonio Pastor (PSE-EE)

"Ibarretxerekin hitz egingo dugu baina Patxi Lopez inbestidura saioan lehendakari izateko aurkeztuko da. Ibarretxeren hiruko formulak porrot egin du".

Juan Manuel Erasun (ezker abertzalea)

"D3Mk ehun mila boto lortu ditu eta asko da. Egia da 2005ean EHAK-k lortu zituenetik beheraka izan dela, baina ezin dira bi egoerak alderatu, EHAK legezkoa zelako. Guk lanean segituko dugu, gizartean. Herrian dago gure indarra".

Aintzane Ezenarro (Aralar)

"Lehendakari abertzalea nahi duela esan dute botoemaileek. Ibarretxe da irabazle garbia eta berak lideratu behar du gobernu osaketa. Aralar bihurtu da ezker abertzaleko erreferente. Eta krisi ekonomikoaren garaiotan, guk eramango dugu Eusko Legebiltzarrera langileen ahotsa".

Rosa Diez (UPD)

"Erabakigarriak gara eta, gobernu konstituzionalista osatzeko, PSE-EEk eskuzabal jokatu beharko du. Kontua soilik ez da EAJ oposiziora bidaltzea".

Miguel Sanz (Nafarroako Gobernuko lehendakaria)

"Ez-abertzaleek gobernua osa dezakete Euskadin eta, gainera, komenigarria litzateke. Hala bada, Nafarroa erkidego desberdindu gisa ikusiko dute eta pozgarria izango da hori. Demokrazia alternatiben bidez indartu egiten da".

Carlos Garcia Adanero (UPN)

"Agian herri honetan [Espainian] trantsizioa bukatuko da [Eusko Jaurlaritzako] Lehendakaritza presidente ez nazionalista batek hartzen duenean. [EAEko] Bozek erakutsi dute zeinahi ideia defenda daitekeela, baita independentzia ere, instituzioetatik eta modu demokratikoan".

Juan Cruz Alli (CDN)

"Patxi Lopezek PPren eta UPyDren botoak lor ditzake bere inbestidurarako, aurretiaz itunik egin gabe, baina PSOEk baloratu beharko du ea horrek kosturen bat izango duen Jose Luis Rodriguez Zapaterorentzat, edo ea EAJk Madrilen ematen dion sostengua [Kataluniako] CiUren komodin-arekin ordezkatzerik izango duen".

Samuel Caro (PSN)

"Lehendakari sozialista batek hobetu egingo du Euskadik [EAEk] Nafarroarekiko duen errespetu instituzionala".

Ana Figueras (Nafarroako EB)

"Jarrera nazionalisten atzetik gehiegi joateagatik eta kutsu kontserbadoreko gobernuan aritzeagatik erori da Ezker Batua".

Andde Sainte Marie (Abertzaleen Batasuna)

"Ezkerreko eta abertzaleko aukera batek, Aralarrek, gora egin duelako kontent naiz".

Candido Mendez (Espainiako UGT)

"Hauteskundeen ondorengo mapa politikoa oso zaila da. Aldaketa gertatzea nahi dut; lehen aldiz gehiengo ez nazionalista dago. Eginahalak bateratu behar dira terrorismoa desagerrarazteko eta krisi ekonomikoa gainditzeko".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.