Arantxa Elizegi
Georgia eta Hego Osetiaren arteko gatazka aspaldi hasi zen, nahiz eta atzo arte izoztuta egon. Gorrotoaren beroak, ordea, izotza urtu du eta gerra piztu. Ezin esan bakeak egiteko ahaleginik egin ez denik, baina ez da batere erraza hitzarmena lortzea bi aldeak eremuaren izenean ere bat ez badatoz. Izan ere, osetiarrek Hego Osetia deitzen dioten lurralde hori Samatxablo da georgiarrentzat; Hego Osetia izena onartzea Errusiaren menpeko Ipar Osetiaren zati dela berrestea litzateke. Ordua ere desberdina dute: Errusiakoa erabiltzen dute osetiarrek -Euskal Herrian baino bi ordu gutxiago-, eta besteek, aldiz, Georgiakoa -hemen baino hiru gutxiago-.
Hori nahikoa ez, eta gobernuak ere bi dituzte: Georgiak izendatua bata eta osetiarrek aukeratutakoa bestea. Lehenak, Dmitri Sanakoievenak, nahikoa diru jasotzen du Tbilisitik, baina ezer gutxi egin dezake georgiarrak gutxiengoa diren eskualdean; bigarrenak, Eduard Kokoitirenak, arazo ekonomiko larriak ditu Georgiak hartutako neurriak direla eta, baina Errusiaren sostengu osoa du. Moskuk Hego Osetiaren independentzia onartu ez badu ere, harekiko harremanak indartu ditu, eta hango herritar askori pasaporte errusiarra eman die. Hala, gatazkarik piztuz gero, parte hartzeko aukera du, «bere herritarrak» defendatzeko argudioarekin. Georgiak, baina, ez du halakorik onartzen, eta Tbilisiren barne arazoetan sartzen aritzea leporatu dio.
Dena den, gatazka bera Sobiet Batasuna sortu aurrekoa da. Errusiar Inperioak gaur egun Georgia dena okupatu zuenean, auzokoek ez bezala, osetiarrek bat egin zuten errusiarrekin, eta ingurukoen gorrotoa handitu zen. Georgiarrak bezala, alan tribuaren ondorengoak dira osetiarrak; eta, haien gisa, kristau ortodoxoak dira gehienak. Baina horiek dira partekatzen dituzten ezaugarri bakarrenetarikoak. Osetiarrek berezko hizkuntza dute, eta gertuago sentitzen dira Errusiatik, Europatik baino.
Lurralde bakarra eta bi mundu
Etxe berean bizi arren elkar ikusi ezin duten bi auzokoren gisakoak dira osetiarrak eta georgiarrak. Hego Osetia, ordea, puzzle baten antzekoa da, eta georgiarrak gutxiengoa diren arren, halabeharrez gurutzatzen dira osetiarrekin. 2003an, Mikhail Saakashvili Georgiako presidentetzara heldu zenean, esaterako, kontrol postuak jarri zituen Errusia eta Hego Osetiaren arteko mugan, bien arteko merkataritza harremanak eten, eta osetiar independentistak itotzeko asmoz. Baina osetiarrek, Moskuren laguntzarekin, beste pasabide bat eraiki zuten mugan. Hala izan da gatazka hasi zenetik, batek kolpea eman eta besteak erantzun, baina inork amore eman gabe.
Duela hamasei urte aldarrikatu zuen independentzia Hego Osetiak, 1992an, Sobiet Batasuna desegin ostean. Ez Georgiak, ezta Errusiak ere ez zuten berretsi, ordea. Aurretik, baina, gerra odoltsua izan zuten. Izan ere, urtebete lehenago Georgiako bozak boikotatu, eta beren gobernua osatu zuten osetiarrek. Horrek Georgiako presidente Zviad Gamsakhurdiaren haserrea eragin zuen, eta gerra piztu. Alde batekoen nahiz bestekoen etxe eta eskolak erre zituzten, eta milatik gora lagun hil. Milaka izan ziren, gainera, Ipar Osetiara ihes egin zuten osetiarrak eta Georgiara joan ziren Hego Osetiako georgiarrak.
Tshkinvalik independentzia aldarrikatu zuenean, baina, Georgiak amore eman zuen, bestela Errusiari aurre egin beharko baitzion. Trukean, osetiarrek indarkeria alde batera uztea hitzeman zioten. Akordioa errespetatzen zela bermatzeko, bake indarrak bidali zituen Moskuk.
Hiru aldeko gerra
Duela lau urte, berriz hasi ziren liskarrak. Saakashvilik, presidente karguaren zina egin zuenean, osetiarrekin negoziatzeko prest zegoela iragarri zuen. Ordainetan, autonomia eskaini zien. Tshkinvalik, baina, argi utzia zuen ez zuela autonomiarik nahi, independentzia baizik. Horiek hala, inolako zalantzarik egon ez zedin, erreferenduma egin zuten bigarren aldiz, eta beste behin, independentistek irabazi zuten. Baina, beste behin, nazioarteak ez zuen berretsi.
Giroa gaiztotua zegoen. Aurreko hilabeteetan ekintzaile independentistei laguntzea leporatu zion Tbilisik Moskuri; eta hark, berriz, osetiarrak zapaltzea Georgiari. Hori nahikoa ez, eta aurtengo apirilean NATOn sartzeko borondatea agertu du Saakashvilik, eta horrek Moskuren haserrea handitu du. Hala, lehendik nahiko zailak ziren elkarrizketak bertan behera geratu dira. Horretaz gain, osetiarren artean ere banaketa handitzen ari da, asko baitira Georgiak ezarritako Gobernuarengandik gertu sentitzen direnak. Orain, bi gobernu, bi herrialde eta bi armaden artean harrapatutako herritarrek gerrari ere aurre egin beharko diote.
Georgiarren eta osetiarren arteko aspaldiko gatazka berriz piztu da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu