Goirizelaia Egigurenekin bildu da, Otegiren epaiketa dela-eta

2010eko azaroaren 6a
13:54
Entzun
Jone Goirizelaia abokatu eta ezker abertzaleko kidea Jesus Egiguren PSE-EEko presidentearekin bildu da, honek Arnaldo Otegi, Joseba Permach eta Joseba Alvarezen aurkako epaiketan lekuko gisa deklaratuko duela-eta. Donostian batu ziren, atzo, eta Gorka Landaburu Aldaketa 16 aldizkariko zuzendaria ere izan zen, bera ere lekukoa izango delako.

Jose Antonio Pastor PSEko bozeramaileak adierazi du "normala" dela epaiketa baten atarian defentsa abokatuak bere lekukoekin halako batzarrak egitea, "zer galdetuko dien-eta jakin dezaten". Aldiz, PPk esan du "zaila" dela ulertzen bilera hori egin izana.

Goirizelaiak eskatu zuen Egiguren eta Landaburu lekuko izateko, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak onartu egin zuen eskaera.

Datorren ostegunean hasiko da epaiketa, Batasunak 2004an Anoeta Donostiako belodromoan egindako bake proposamenean "terrorismoa" goratu zuelakoan. Urte hartako azaroaren 14an izan zen ekitaldia, eta desobedentzia, bilkura ilegalean parte hartzea eta badaezpadako neurriak haustea egozten dizkiete hiru auzipetuei.

Fiskalak Otegi, Permach eta Alvarezentzat hemezortzina hilabeteko kartzela eskatzen du eta hamabina urteko inhabilitazioa. Ermuko Foroak, berriz, bosna urteko kartzela eta hogeina urteko inhabilitazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.