«Egungo eraso errepresiboari erantzun» egin behar zaiola dio ETAk, «erresistentzia hutsean geratu gabe eta herri harresia eraikiz, eta kontziente izanda indarra, batez ere, borroka politikoan dagoela». Hala dio atzo Gara egunkariak plazaratu zuen agirian. Halaber, ETAk dio «prozesu demokratikoa garatzea» dela funtsezkoa, eta horren berme nagusia «gizartearen aktibazioa» izango dela.
Ezker abertzalearen barruko eztabaida ere hizpide izan du ETAk, eta eztabaidaren onura azpimarratu du. Hain justu, erakunde armaturen arabera, ezker abertzalearen balioetako bat barne eztabaiden "sakontasun eta sendotasuna" da, eta baita baita "erabakien batasuna" ere.
Ezker abertzaleak Altsasuko adierazpena aurkeztu zuenetik ezagutzeko zegoen adierazpen horren gainean ETAk egingo zuen irakurketa. Aurreko ETAren agiria Gudari Egunaren harira eman zuen argitara Gara-k. Barne gogoeta prozesua bukatu zuela jakinarazi zuen orduan, eta prozesu demokratiko baten aldeko konpromisoa berretsi zuen agiri hartan.
Prozesu demokratiko bat garatu beharra zegoela esan zuen orduan. Herri honen alternatiba hori dela. «Euskal Herria autodeterminazioaren eskenatokira eramango duen prozesu demokratikoa urratzea». Horretarako, ezinbestekotzat jo zuen abertzaleen eta independentisten indarrak biltzea, «Estatuak Euskal Herriaren hitza errespetatzera eramateko». «Abertzaleok, independentistok, gure indarrak nazio mailan biltzea ezinbestekoa da herri hau bere askatasunera iritsiko bada. Hori da ETAren eskaintza, eta hori da ETAk babestu eta bultzatuko duen bidea», esan zuen iazko irailaren 27an Gara-n argitaratutako agirian.
«Gure indarra, batez ere, borroka politikoan datza», dio ETAk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu