Atentatu eta eraso ugari izan dira gaur goizean Iraken, batik bat, Bagdad hiriburuan, eta Kurdistango Suleimaniya hirian. Guztira, hamar bat dira hildakoak.Eraso horietako zenbait AEBetako soldaduen aurkakoak izan dira, eta haietako batean bi militar hil direla jakinarazi dute AEBetako Armadako buruek. Horrenbestez, 1.999 dira inbasioa hasi zenetik Iraken hil diren soldadu estatubatuarrak.
Suleimaniyan, Iraken mendeko Kurdistanen, ekintzaile suizida batek bonba-auto bat leherrarazi du Peshmerga miliziaren bulegoaren aurka. Atentatu saioaz jabetuta, bulegoaren atarian ziren zaintzaileek tiro egin diote ekintzaileari, baina ezin izan dute bonba-autoa lehertzea eragotzi. Ekintzaile suizidaz gain, hiru miliziano kurdu hil dira.
Era berean, Kurdistango Batasun Abertzalea alderdiko buruzagitzako kide Mula Bujtiar hiltzen saiatu dira Suleimaniyan, baina haren bi bizkartzainak hil dituzten arren, bera ez dute zauritu. Jalal Talabani Irakeko presidentea alderdi horretakoa da.
Bagdad hiriburuan ere hainbat eraso izan dira. Batetik, Mamun auzoan bonba-auto bat zartarazi dute AEBetako konboi militar bat igarotzen ari zela, eta leherketaren ondorioz zibil bat hil da eta beste bost zauritu dira. Mansur auzoan AEBetako beste konboi bat pasatzen ari zela beste lehergailu bat eztandarazi dute, eta han ere zibil bat hil da. Halaber, bi soldadu ere hil ditu leherketak.
Bagdaden bertan, Irakeko Poliziako komisario bat eta Segurtasun ofizial bat hl dituzte tiroka. Beste bost polizia zauritu egin dituzte Bagdad mendebaldean, haiek ere tiroka.
Bakuban berriz, hiru pertsona hil dira autoan zihoazela, ibilgailua lehertuta. Iturri ofizialen arabera, atentatu bat egitera zihoazen ekintzaileak ziren, eta ustekabean zartatu zaie lehergaia.
Gutxienez hamabi lagun hil dira Iraken eta haren mendeko Kurdistanen, hainbat erasotan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu