Iraken inbasioaren ondorena

Gutxienez hamar zibil hil dira bi poliziaetxeren kontrako erasoetan

Beste berrogei bat zaurituta daude

2003ko abenduaren 15a
13:45
Entzun
Atzo Saddam Hussein atxilotu eta biharamonean, bi bonba-auto lehertarazi dituzte gaur Bagdadeko poliziaetxe banatan. Eraso horien ondorioz, gutxienez bederatzi lagun hil dira —guztiak zibilak—, eta hamabost bat zauritu dira.

Egunsentian, Husseinya auzoko poliziaetxearen atarian lehertu da bonba-auto bat; Bagdadeko agintariek azaldu dutenez, sei lagun hil dira eztanda horretan,eta beste hogei bat lagun zaurituta eraman dituzte. Lekukoen arabera, ordea, gutxienez hamar dira hildakoak. Iturri horien arabera, inguru hartan zebiltzan zibilak dira hildako eta zauritutako guztiak.

Zertxobait beranduago, beste bonba-auto batek egin du eztanda Amariya auzoan; hark ere, poliziaetxe baten atarian. Atentatu horretan hamabi lagun zauritu dira —lau polizia eta zortzi zibil—.

Enfrentamenduak Tikriten

Horrez gain, enfrentamenduak gertatu dira Tikriten —Saddam Husseinen sorterri eta atxilotu duten lekua— presidente ohiaren jarraitzaileen eta AEBetako soldaduen artean. Agintarien arabera, jendetza atera da Estatu Batuen kontra eta Saddam Husseinen alde protestatzera, eta AEBetako Armadako Infanteriako IV. Dibisioak haien kontra esku hartu du. Porrak eta gas negarrarazleak erabili dituzte manifestarien aurka. Lekukoen arabera, manifestari gazte bat hil da enfrentamendu horietan eta beste zenbait zauritu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.