Igandeko manifestazioaren jakinarazpena egin zuen herritarrak bertan behera utzi du deialdia

2006ko abuztuaren 9a
13:21
Entzun
Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak baieztatu duenez, datorren igandean Donostian egitekoa zen manifestaziorako deialdiaren jakinarazpena egin zuen Joseba Sayesek bertan behera utzi du deialdia. Hala ere, ekitaldia iragarri zuen Pernando Barrena Batasuneko mahaikideak prentsaurrekoa eman du gaur, eta ez du ezer esan manifestazioa bertan behera uzteari buruz. Ekitaldi horren inguruan bakar-bakarrik azaldu du manifestazio horrek "erabateko zentzua" hartzen duela egungo testuinguruan.

Joan den larunbatean Barrena eta Elkano mahaikideek iragarri zuten kazetarien aurrean datorren igandean Euskal Herriak autodeterminazioa lelopean manifestazioa egingo zela Donostian, "prozesua indartzeko". Hala ere, Jaurlaritzako Herrizaingo Sailari Joseba Sayes herritarrak jakinarazi zion; hots, Sayes pertsona partikular gisa da deitzailea.

Barrenaren eta Elkanoren iragarpenaren ondoren, PP eta eskuineko zenbait sektore berehala hasi ziren deialdi hori ez zela legezkoa eta galarazteko eskatzen. Hala ere, Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak baimendu egin zuen, deialdia eskubide guztien jabe den pertsona batek egin duela argudiatuta.

Eskuineko zenbait taldek, ordea, auzitegietara eraman dute kontua, besteak beste, Batasunaren ilegalizazioa guzatu zuen Auzitegi Nazionalera. Finean, Baltasar Garzon epailearen esku geratu da manifestazio baimentzeko edo galarazteko erabakia. Ildo horretatik, Barrena, Elkano eta Sayes inputatu gisa deklaratera deitu zituen atzo Garzonek; biharko jarri zien hitzordua.

Gaur jakin da, berriz, Sayesek deialdia bertan behera geratzen dela jakinarazi diola Herrizaingo Sailari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.