Igor Portu kartzelatzeko agindu du Grande Marlaskak, ETAko kide izatea egotzita

2008ko urtarrilaren 10a
19:39
Entzun
Igor Portu joan zen igandean Arrasaten atxilotutako gaztea kartzelatzeko agindu du Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, deklarazioa hartu ostean. Donostia ospitalean bertan hartu dio deklarazioa Marlaskak Porturi. Epaileak ETAko kide izatea leporatu dio, eta 2006ko abenduaren 30ean Madrilgo Barajas aireportuko T-4 terminalean izandako atentaturekin lotu du.

Horretaz gain, inkomunikazio egoera luzatu egin dio epaileak. Beste bost egunez behintzat, hala egongo da Portu.

Astelehen goizetik Donostiako Ospitaleko Zainketa Intentsiboen Unitatean segitzen du Igor Portuk, atzo handik atera zutela esan bazen ere; gela indibidual batera pasatu dute eta mediku taldea aldatu diote. Fernando Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak erietxean hartu dio deklarazioa gaur. Hain zuzen, 17:15ean heldu da epailea Donostiako Ospitalera, eta atzeko ate batetik sartu da.

Egunotan, berriz, Donostiako Epaitegiak hartu dio deklarazioa Porturi, izandako lesioez. Bi saihets ditu hautsiak lesakarrak, eta birika zulatua. Hainbat kolpe ere baditu.

Harekin batera atxilotu zuten Mattin Sarasola ere zaurituta dagoela jakin zen atzo, El Pais egunkariak Auzitegi Nazionaleko auzi medikuarekin osasun partea plazaratu ondoren. Hala ere, inkomunikatuta jarraitzen du Madrilen, Guardia Zibilaren egoitzaren batean. Astelehenetik daude inkomunikatuta, eta gehienez, bost egun eduki ditzakete epailarengana eraman gabe. Efe agentziaren arabera, bihar hartuko dio deklarazioa Grande Marlaskak Sarasolari.

Atzo salaketa gogorrak egin zituen Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne Ministroak atxilotutako gazte bien kontra: ETAko kide izateaz gain, atentatu zehatzak egotzi zizkien, besteak beste, 2006ko abenduaren 29an Madrilgo Barajas aireportuan egindakoa. Sarasolak berak aitortu zuela ziurtatu zuen Rubalcabak: "dena kontatu du, zehaztasun osoz".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.