Ilegalizazioa komeni zaion bezala erabiltzea leporatu dio Ibarretxek PSOEri

2007ko apirilaren 13a
16:53
Entzun
Maiatzeko udal eta foru hauteskundeetan aukera guztiek parte hartu behar dutela adierazi du Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariak, Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan; bazterketa, inor kanpora uztea ez dela bidea erantsi du.

Ildo horretatik, PSOEri, eta, bidenabar, PPri, leporatu die beren interesen arabera erabiltzea Alderdien Legea eta ilegalizazioa. Ibarretxeren iduriko, Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan hala komeni zitzaielako baimendu zuten EHAK-k parte hartzea, Jaurlaritzako hirukoari (EAJ, EA, EB) gehiengoa kentzearren. "Momentu horretan komeni zitzaien PSEri eta PPri EHAK izatea hauteskundeetan, batez ere, hirukoari gehiengo osoa kentzeko Eusko Legebiltzarrean. Hala gertatu zen. Orain aematen du nahi dituztela ANV, ASB eta beste formula guztiak. Komeni zitzaielako biamendu zuten bere garaian, eta orain ikusiko dugu".

Aukera politko guztiek parte-hartzearen alde ez ezik, elkarrizketaren alde agertu da lehendakaria: ETAk indarkeria utzi ez arren hitzegin beharra dagoela esan du, gatazka politikoa dela eta politika eginez konpontzen dela iritzita.

Hain justu, gatazka politiko horren gakoetako bat erabakitzeko eskubidea dela uste du, eta, horregatik, hurrengo legegintzaldian estatutu berriaren inguruko herri galdeketa egiteko ahalegina egingo duela hitzeman du.

Markel Olanok ziurtatu du EAJk nahi duela ezker abertzaleak bozetan parte hartzea

Arnaldo Otegi Batasuneko buruzagiak atzo egindako salaketari aurre eginez, EAJk nahi duela ezker abertzaleak hauteskundeetan parte hartzea ziurtatu du Markel Olano EBBko kide eta Gipuzkoako diputatu nagusitarako hautagai jeltzaleak. Areago, gizarteak horren premia duela adierazi du. "EAJren bozeramaile naizen heinean baieztatzen dut nahi dudala eta EAJk nahi duela ezker abertzaleak parte hartzea hauteskunde hauetan. Gainera, uste dut gizarte gisa behar dugula, behar dugu ezker abertzalearen apostu politikoa benetakoa izatea", esan du Euskadi Irratiko politikarien solasaldian.

Ezker abertzaleak apostu politikoa gauzatzeko ETAk ez ezik, gutxieneko baldintza demokratiko batzuk ezartzeak ere eragina dutela iritzi dio. "ETAk zerikusia du, biana zerikusi handia du, baita ere, gutxieneko baldintza demokratiko batzuk egoteak. Eta gutxieneko baldintza demokratiko horietan hauteskundeetara aurkezteko eskubidea dago".

Imaz ez dagoela bide horretan erantzun dio Barrenak

Olanoarekin batera Batasuneko bozeramaile Pernando Barrenak parte hartu du solasaldi horretan, eta Olanok bestelakorik esan arren, atzo Otegik egindako salaketari eutsi dio: hots, EAJk ez duela nahi ezker abertzaleak hauteskundeetan parte hartzea. Josu Jon Imaz jeltzaleen presidenteak argi utzi duela erantzun dio Olanori. "Konbentzituta nagoEAJk ez duela nahi gu hauteskundeetan izaterik. EAJko kide esanguratsuen diskurtsoari erreparatu besterik ez dago, Imaz beraren diskurtsoari kasu, PSOEk darabilenaren berdin-berdina baita".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.