Iñaki de Juana ETAko preso ohia estraditatzeko erabakiaren kontrako helegitea gaur zen aztertzekoa Ipar Irlandako Helegiteetarako Auzitegi Nagusia, baina irailaren 10era atzeratu duela jakinarazi du eguerdian. Sean Devine defentsa abokatuak adierazi du "arrazoi sendoak" daudela estradizioa geratzeko.
De Juana behin-behineko askatasunean zegoen Ipar Irlandan, eta Belfasteko polizia etxe batera joan behar izaten zuen egunero sinatzera. Martxoaren 25etik, ordea, ez dago haren berririk, eta atxilotzeko agindua emana du Justiziak.
Espainian zegokion espetxealdi guztia eta zenbait gehigarri bete ostean 2008ko abuztuan geratu zen aske De Juana. Auzipetu egin zuten berriro, ordea, haren omenezko ekitaldi batean ustez berak idatzitako gutun bat irakurri eta hartan "terrorismoa goratzen" zelakoan. Auzibidea hasi zenerako Belfasten zegoen bizitzen De Juana, eta han bere kontrako estradizio auzia abiatu zuten Espainiako Auzitegi Nazionalaren ekimenez.
Ipar Irlandako Justiziak irailera atzeratu du De Juanaren estradizioaren kontrako helegitearen azterketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu