Ignacio Bordillo fiskalak eskatu bezala, Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak debekatu egin du Jare! ekimenak euskal preso politikoen alde gaur arratsalderako antolatutako ekitaldia. Del Olmoren iduriko, Batasunak eta Askatasunak bultzatu dtue Jare! ekimena, eta, ondorioz, bi erakunde horien "legez kanpoko jarduerari" segida ematen die. Argudio hori erabiliz debekatu du.
Dignidad y Justicia elkarteak eman zuen debekurako lehen urratsa, ekitaldia galaraz zezatela eskatuz. Dignidad y Justiciaren proposamena aintzat hartu zuen Del Olmok, eta Jare!-ren inguruko txostenak eskatu zizkien atzo Espainiako Poliziari eta Guardia Zibilari. Txosten horiek aintzat hartuta eskatu du ekitaldia debekatzeko Ignacio Portillo fiskalak eta hartu du erabakia epaileak.
Hain zuzen ere, debekua gauzatzeko Ertzaintza joan da arratsaldeko lauak aldera belodromora, eta inguru guztia hesitu du. Hogei bat minuturen buruan, antolatzaileak hurbildu zaizkie, eta debekuaren berri eman diete ertzainek. Ordurako ehunka lagun zeuden batuta belodromo inguruan, Anoetako estadioaren aurrealdean.
Jare!-k ekitaldia bertan behera baina Donostiara joateko deia amnistiaren aldeko taldeek
Jare! ekimena kultur eta gizarte arloetan zein kiroletan ezagun diren 30 bat lagunek jarri dute martxan, eta aurkeztu zutenean agertu zuztenez, euskal preso politikoen aministia da haien aldarrikapen nagusia. Funtsean, musikaz, bertsoz, dantzaz eta beste zenbait kultur adierazpenez osatutako ekitaldia zuten iragarria gaurko. Debekuaren berri izatean, gaurko ekitaldia bertan behera uzten dutela jakinaraziz oharra zabaldu du Jare!-k. Idatzian diotenez, atzo prestaketa lanetan ari zirela dagoeneko sumatu zuten Guardia Zibilaren jarraipena. Gaur, berriz, Ertzaintza belodromora hurbildu dela salatu dute. "Atzo gauean Guardia Zibilaren jazarpena sentitu genuen prestaketa lanetan ari ginenok. Gaur fiskaltzaren debeku eskaerari baietz esan dio entzutegi nazionalak, eta kasko gorridunak etorri dira, dozenaka kasko gorridun, ekitaldia burutu ez dadin garantia bezala. Ez al dugu eskubiderik presoen aldeko ekitaldi bat egiteko Zapatero jauna? Zergatik bidali dituzu gizon emakume armatuak gu isiltzera Ibarretxe jauna?" galdetu dute. Gaurko ekitaldia bertan behera utzi duten arren, aurrerantzean euskal preso eta iheslari politikoen alde egingo diren ekitaldietan parte hartzeko deia egin dite herritarrei.
Hain zuzen ere, hainbat herritako amnistiaren aldeko taldeak gaur arratsaldean Donostian presoen eskubideen alde mobilizatzeko deia egiten ari dira.
Jare! ekimenaren presoen aldeko ekitaldia galarazi egin du Auzitegi Nazionalak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu