Jarraipen berezia BERRIA.INFOn sanferminei

2010eko uztailaren 6a
14:30
Entzun
BERRIA.INFOk aurten ere jarraipen berezia egingo die Iruñeko sanferminei, webgune baten bidez (14:15etik aurrera dago martxan). Gune dinamikoa izan nahi du, egunero sartuko dituelako albisteak, argazkiak, bideoak (BerriaTBrenak, entzierroak...), iritziak edota Berriaren Iruñeko erredakzioko kazetarien blogeko artikuluak.

Beste hainbat atal izango ditu, datu interesgarri edo praktiko gisa: egitarauak (ofiziala, hiriburuko hainbat elkartek elkarrekin osatutakoa eta Nafarroa Oinezena), Iruñeko planoa, beste webgune batzuetara loturak, peñen datuak eta sexu erasoen aurkako telefono zenbakia.

Irakurleen parte-hartzea bultzatuko du BERRIA.INFOren sanferminetako atariak: iruzkinak egiteko aukera emateaz gain, sanferminzaleek argazkiak bidali ahal izango dituzte.

Euskalerria Irratiaren saioaren emanaldia

Aurten berrikuntza garrantzitsu bat izango du: BerriaTBk zuzenean emango du Euskalerria Irratiak egunero Zaldi Zuria Alde Zaharreko tabernako terrazan egiten duen bi orduko programa. 12:00-14:00 artean egiten du sanferminetako saio berezi hori (elkarrizketak, musika...), eta BERRIA.INFOren azalean bertan ikusi ahal izango da zuzenean, baita webgune bereziko bideoen atalean ere gero. Hori dena, bihartik aurrera, gaurko egunez ez duelako irratsaio hori egiten irratiak.

Euskalerria Irratia duela bost urte hasi zen saioa egiten, Sanfermintza izenekoa. "Marko konparaezina da Zaldi Zuriko terraza. Festaren bihotzean dago, baina toki lasai batean ere bai, harresietan", diote irratiko arduradunek. Aurten arreta berezia eskainiko dio Erraldoien eta Buruhandien Konpartsari, erraldoiek 150 urte betetzen dituztelako. "Konpartsan infiltraturik berriemaile bat izanen dugu: Aritz Ibañez. Eguerdiko saioa hasi bezain pronto egunero konexioa eginen dugu harekin".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.