Iñaki Santamaria Ondarroako udal kudeaketa batzordeko EBren ordezkariaren ustez, erasoaren egileek "sufrimendua gizarteratu" egin nahi dute atzokoa bezalako erasoekin. Batzordeko lehendakari Felix Aranbarriren autoa erre zuten atzo gauean, hain zuzen. "Pertsona bati eraso egiten zaionean, hura politikaria, politikariaren senidea, bizkartzaina edo polizia izan, gizarteari ari zaio eraso egiten".
Indarkeria mota hori "mafiosoa" dela iruditzen zaio Santamariari, eta ezker abertzaleari horrelakoen aurrean "geldirik ez" egoteko eskatu dio.
Eusko Jaurlaritzak ere gaitzetsi egin du Ondarroako erasoa -eta azken egunetan izan diren besteak ere bai-. "Sufrimendua gizarteratzea, mehatxu egitea, estortsioa egitea... euskal gizartearen borondate demokratikoa onartzen ez dutenen alternatiba dira", esan du Miren Azkarate Jaurlaritzaren bozeramaileak.
Ondarroako EAk, berriz, erasoa arbuiatzeaz gain, "indarkeriaren eta mehatxuaren erabilpena" inoiz ez dituela onartuko adierazi du, "demokraziaren eta bizikidetzaren irizpideen kontrako atentatuak direlako".
Aralarren ustez, halakoak "bakearen kontrakoak" dira.
Eudel EAEko udalen elkarteak "onartezina" deritzo atzoko erasoari, baita Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak ere. "Aranbarriren irizpide demokratikoak ezingo dituzte makurrarazi egileek", adierazi du Bilbaok.
Kale erasoen egileek "sufrimendua gizarteratu" egin nahi dutela salatu dute hainbat eragilek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu