Karlos Kristobal euskal preso politikoaren senideek istripua izan dute

2006ko abuztuaren 24a
16:57
Entzun
Pasa den larunbatean, Herrera de la Manchako (Espainia) kartzelan dagoen Karlos Kristobal presoaren arrebak eta haren senarrak, istripua izan zuten. “Sakabanaketa politikak eragindako istripua” dela salatu du Etxerat-ek.

Euskal Herritik 600 kilometrotara dago Herrera de la Manchako kartzela. Karlos Kristobalen senideak bisita egin ostean etxera bidean zirela,Manzanares (Madril) herriaren parean zihoazenean, kotxe batek eurena jo zuen. Etxerat-ek jakinarazi duenez Karlos Kristobalen arreba haurdun dago. Istripuaren ondorioz ospitalean ekografia bat egin zioten, eta horren ostean haurrak ez zuela kalterik jasan baieztatu zuten medikuek. Hala eta guztiz ere, emakumeak zerbikaletan mina du eta lepokoa jarri behar izan diote. Arrebaren senarrak, aldiz, ez du kalte fisikorik jasan. Autoak kalte materialak ditu.

Istripuaren inguruko kritika gogorra egin du Etxerat-ek: “PSOE eta UMP alderdiek indarrean duten sakabanaketa politika kriminalak aurten senide eta lagunoi eragin diguten 16. istripu larria da. 33 dira, berriz, sakabanaketak aurten eragin dizkigun istripu larri hauek jasan dituzten senide eta lagunak”. Gainera, “PSOE eta UMP alderdiak dira sakabanaketak eragindako istripu berri honen eta bere ondorioen arduradunak. Bi alderdi horiek, euskal jendartearen nahairen kontra doaz. Gure senide eta lagunen aurka heriotza eta samina eragiten duten, eta gatazka elikatzen duten politika kriminalak indarrean dituzte” esan du Etxerat-ek.

Era berean, Etxerat-ek bihar ostiralerako deialdia egin du. Herri eta hiriburuetan antolatuko diren elkarretaratzeetan parte hartzeko deia egin dio gizarteari, eragile sozial eta politikoei: “PSOE eta UMP alderdiek giza sufrimenduan ardaztutako politika hiltzaile hauekin xantaia politikoa egin nahi dute, eta guztion presioarekin behartu egin behar ditugu xantaia politikoa egin nahi izateari uztea”. “Egoera politikoa dena delakoa izanik ere, gure senide eta lagun presoak estatus politikoarekin Euskal Heriratzera behartu behar ditugu, ondoren, guztiak etxeratzeako” gaineratu du Etxeratek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.