KRITIKA SARIARI UKO
=i Honako testu hau igorri du Koldo Izagirre idazleak BERRIAko erredakziora. Rimmel liburuarengatik eman berri dioten Kritika Sariari uko egin diola jakinarazteko.=i
\"Duela hilabete t\'erdi Utikan Euskadi Sariak manifestua sinatu genuen hogeita hamabost idazlek, sari horietan gertatu irregulartasunak eta erabili izan diren irizpide ez-literarioak salatzeko eta, horrenbestez, halako parametrotan parte hartzeari uko egiten geniola jakinarazteko. Gure artean Jon Alonso zegoen, idazleon mugimendua piztu zuen Euskadi Sariak artikuluaren egilea. Iragan larunbatean jakin genuen Kritikaren Saria eman diotela.
Sariak kolokan jartzen dituena saritzeak eduki lezake adostasun zentzu bat, elkartasun keinua izan liteke, atxikimenduzko oparia. Baina Kritika Saria, aspalditik, Euskadi Saria bera baino mekanismo ilunagoz eta jokamolde zakarragoz dabilen antolamendua da. Literaturaren promoziobidea baino, gure letren sistematxoko zenbait mandarinen tresna bihurtua dela dirudi, beren larderia finkatzeko aitzakia, idazleon laztan-premia baliatuz.
Idazleotan hots handi samarrean dabilen horri, tamalez, sariaz egunkari honetan bertan egin diren gogoetak erantsi behar genizkioke: adar jotzea, probokazioa eta sari-tranpa ote den, saritua zoriondu behar ote litzatekeen... Sari honek badu susmagarrizkorik, antza, manifestua sinatu ez zutenen eta idazleak ez direnen aburuz ere.
Horregatik, Jon Alonsorekin batera ni ere saritu nautenez, ezin dut Kritika Sari hori onartu, ez nire burua haren pareko egin nahi nukeelako, baizik eta ez dudalako gure literaturaren goiegitura kritikatzeko kuraia izan duen idazleari egindako laidoan lagungarri teknikoa edo aitzakia demokratikoa izan nahi. Bost egun joan dira saritu nindutela jakin dudanetik, baina egundaino ez dut deirik, telegramarik, emailik, gutunik hartu. Nora jo ez dakidala, hedabideen bitartez jakindakoari hedabideen bitartez nahi nioke ohar hau egin: uko egiten diot Kritika Sariari.
Iritzi publikoari, eta irakurleei bereziki jakinarazi behar diet Kritika Sarian, Euskadi Sarietan bezalaxe, idazleon borondatea kontuan hartu gabe direnez gure obrak erabiltzen, aurtengoari uko egiteaz bat, antolatzaileei eskatu nahi niekeela, otoi, ez dezatela nire lanik aintzat hartu aurrerantzean. Botereguneetatik urrun, objektibotasun asmoz eta irizpide literarioz jarduten duen kritikaren sariarekin konformatzen naiz, alegia, idazletza karrera gisa antolatu nahi ez diguten kritikoen iritzi libre eta solidarioarekin."
Koldo Izagirrek igorritako testua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu