2003
Otsailak 20.Euskaldunon Egunkaria euskarazko kazeta itxi eta hamar lagun atxilotu zituen Guardia Zibilak, Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz. Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi, Pello Zubiria, Xabier Oleaga, Xabier Alegria, Fermin Lazkano, Luis Goia (2006an hil zen) eta Inma Gomila izan ziren atxilotutakoak.
Otsailak 25. Guardia Zibilaren esku bost egun inkomunikatuta egin ostean, Torrealdai, Uria, Oleaga, Auzmendi eta Alegria baldintzarik gabe espetxeratzeko agindu zuen epaileak. Aldiz, Otamendi, Gomila, Lazkano eta Goia aske utzi zituen, bermea ordainduta.
Urriak 16. Martin Ugalde Kultur Parkearen eta Egunkaria-ren enpresa taldearen aurkako operazioa egin zuen Guardia Zibilak, Del Olmok aginduta, eta zortzi lagun atxilotu zituen: Mikel Arrizabalaga, Angel Diez, Armando Hernandez, Mikel Sorozabal, Joxe Mari Sors, Mikel Azkune, Joanmari Larrarte eta Xabier Legarra.
Urriak 20. Eneko Etxeberria Egunkaria SAko abokatua atxilotu eta inkomunikatzeko agindu zuen Del Olmok, Auzitegi Nazionalean bertan.
Urriak 21. Arrizabalaga, Diez, Etxeberria eta Hernandez bermerik ordaindu gabe libre geratu ziren. Sorozabal, Sors, Azkune, Larrarte eta Legarra, berriz, hamabina mila euro ordainduta. Etxeberria ez beste denak inkomunikatuta eduki zituzten.
2004
Abuztuak 2. Iñaki Uria izan zen Egunkaria auzia zela-eta aske geratzen azkena. 2004ko abuztuaren 2an atera zen, 450.000 euroko bermea ordaindu ondoren.
Urriak 15. Martin Ugalde Egunkaria-ren sortzaileetakoaren kontu korronteak desblokatu zituen Auzitegi Nazionalak, hura hil eta 11 egunera.
Azaroak 4. Auzipetze autoa kaleratu zuen Del Olmok: Torrealdai, Uria, Auzmendi, Otamendi, Zubiria, Oleaga eta Alegria auzipetu zituen instrukzio epaileak. Joxemi Zumalabe Egunkaria-ren sortzaileetakoa ere bai, hura hilik egon arren.
Abenduak 25. Auzipetzeak berretsi zituen epaileak, Joxemi Zumalaberena salbu. Defentsa abokatuek dei helegiteak aurkeztu zituzten zigor aretoan.
2006
Urtarrilak 26. Auzitegi Nazionaleko Zigor arloko 2. Salak auzipetuen abokatuek jarritako helegiteak aztertu zituen.
Abenduak 15.Egunkaria ixteko arrazoirik eta deliturik ez zegoela aitortu, eta auzia ixteko eskatu zuen Miguel Angel Carballo Espaniako Auzitegi Nazionaleko fiskalak.
2007
Martxoak 29.Egunkaria-ko hiru langile ohi inputatu eta deklaratzera deituta, auzi ekonomikoa berpiztu zuen Del Olmok.
Maiatzak 10.Egunkaria auzia (sumario nagusia) epaitzea erabaki zuen Auzitegi Nazionalak.
Ekainak 14. Fiskalak ez zuen akusaziorik aurkeztu kalifikazio idatzian.
Azaroak 28. Del Olmok auzi ekonomikoan epaiketa egitea erabaki zuen, prozedura laburtuaren bidez.
2008
Urtarrilak 24. Salak erabaki zuen auzi ekonomikoaren epaiketa Auzitegi Nazionalean egitea.
Otsailak 20.Egunkaria-ren itxieraren bosgarren urteurrena bete zen. Hainbat lagunek eta eragilek elkarretaratzea egin zuten urteurren hartan ere Andoainen (Gipuzkoa), Martin Ugalde Kultur Parkean. Eusko Jaurlaritzak berriro eskatu zuen auzia artxibatzeko.
2009
Apirilak 15.Egunkaria-ko auzi ekonomikoan hainbat eginbide berriro egiteko eskatu zuen Auzitegiak.
Maiatzak 13. Auzi ekonomikoko hiru inputaturi lehen aldiz deklarazioa hartu ondoren (Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria eta Txema Auzmendiri), auziarekin aurrera egitea erabaki zuen Eloy Velasco epaileak.
Ekainak 23. Sumario nagusiko azkeneko auzi saioa egin zuten Auzitegi Nazionalean, 2. Salako epaimahaiaren aurrean (Javier Gomez Bermudez, Ramon Saez Valcarcel eta Manuela Fernandez epaileek osatua). Carballo fiskalak auzia behin betiko ixteko eskaera egin zuen. Iñigo Iruin eta Jose Mari Elosua Egunkaria-ko defentsa abokatuek ere bai. AVT eta Dignidad y Justicia herri akusazioek epaiketa egiteko eskatu zuten.
Uztailak 30. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor arloko 2. Salako epaimahaia Egunkaria auzia epaitzearen alde agertu da. Pello Zubiria eta Xabier Alegria auzitik kanpo utzi ditu: aurrenaren kasuan iraungitutzat jo duelako kasua eta bigarrenaren kasuan ETAko kide gisa lehen epaitu zutelako (18/98 auzia-n). Bost auzipetu geratu dira, beraz: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga.
Kronologia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu