Lander Fernandez aske utziko dute gaur, 40.000 euroko fidantzapean

2009ko uztailaren 2a
17:55
Entzun
Lander Fernandez Bilboko Santutxu auzoko gaztea aske geratuko da gaur 40.000 euroko fidantza ordainduta. Atzo, fidantzapean aske geratzeko aukera eman zion Espainiako Auzitegi Nazionalak, Madrilgo Soto del Real kartzelara bidali eta bi aste eta erdira. Ekainaren 14an atxilotu zuten Fernandez, Venezuelan bi asteko oporraldia eginda itzuli zenean. Hegazkinetik jaitsi bezain laster atxiki zuten Madrilen, Barajaseko aireportuan, eta Soto del Realen espetxeratu.Oporretara joan bezperan, prentsaurrekoa egin zuen Fernandezek, jasaten ari zen jazarpena salatzeko.

Fernandezek jendaurrean ohartarazi zuenez, kalekoz jantzitako hiru ertzainek indarrez atxiki, auto batetan sartu, inork ikusi ezin zituen gune batetara eraman, eta poliziari laguntzeko eskatu zioten astebete lehenago. Eskatutakoa egin ezean, espetxeratu egingo zutela mehatxu egin zioten. Jarraika izan zituen ordutik egunero, eta, beste egun batetan, etxe ondoan jipoitu ere egin zutela salatu zuen, erasoak eragindako zauriak egiaztatzen zituen mediku txostena erakutsita. Epaitegian salaketa jarri zuen.

Gertatutakoa salatu eta hurrengo egunean oporretara joan zen. Itzuli bezain laster espetxeratu egin zuten 2002. urtean autobus bat erretzea egotzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.