"Lasai, harro, pozik, eta etorkizun hobe bati begira" daude absolbituak

2011ko urtarrilaren 20a
18:14
Entzun
Auzipetu guztiak absolbitzen dituen epaia eskuan dutela, auzipetuak "lasai, harro, pozik eta etorkizun hobe bati begira" daudela adierazi du Maribi Ugarteburu Udalbiltzako hautetsi eta Amorotoko alkate ohiak. Udalbiltza "bakea eta demokrazia erdiesteko tresna egokia eta zilegia" zela eta dela berretsi du.

Udalbiltzaren jarduna "kritikagarria" izan daitekeela esan du Ugarteburuk, baina bere ustez, epaiak argi utzi du ez dela zigorgarria. Horregatik, "Udalbiltzarekin ados egon ala ez", ekimena zilegi zela errepikatu du.

Sententziak auzipetuei absoluzioa ekarri, eta bide batez, poza eragin badie ere, Ugarteburuk auziak iraun dituen urteak oroitu ditu: "Duela zortzi urte, aste honetan atxilotu dituztenak bezain terroristak ginen. Orain, errugabetasun presuntzioak irabazi egin du", esan du. Auzipetuei jarritako "trabak" eta zailtasunak ekarri ditu gogora, eta ohartarazi du epaiak ez duela ezer esaten kalteordainen inguruan.

Irakurketa positibo batekin amaitu nahi izan du agerraldia Ugarteburuk: etorkizunean, Udalbiltza tresna bideragarria izan daitekeela uste du, sententziak bidea irekitzen baitio Euskal Herrian erakunde nazionalak sustatzeko aukerari.

Balorazio azkar baten ondorioz esan ditu hitzok Ugarteburuk, eta argitu du epaia sakonago aztertzerakoan eta errekurtsorik jarriko den jakiterakoan hitz egingo dutela berriz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.