Lizartzako Udala ez dute bihar eratuko, ezta Elduainen ere

2007ko ekainaren 15a
13:30
Entzun
Maiatzaren 27ko udal hauteskundeetan PPtik Lizartzan (Gipuzkoa) aurkeztu ziren denek erretiratzea erabaki dute —PPko beste batzuek ordezkatuko dituzte—, baina haien uko egiteak ez dituzte Gipuzkoako Buletin Ofizialean argitaratu eta, hartara, Udala ez dute bihar eratuko, PPko ordezkari berriek ezingo dituztelako karguak hartu.

Espainiako auzitegiek LAS (Lizartzako Abertzale Sozialistak) eta EAE-ANV baliogabe jo ondoren, PP izan zen maiatzean han aurkeztu zen alderdi legezko bakarra. 27 boto lortu zituen, ordezkaritza izateko gutxieneko %5 baino gehiago (EAE-ANV baliogabeak 186 boto). PPko beste kideek uko egitean, Regina Otaola PPko kidea izango da hango alkate, eta Laura Garrido Gasteizko legebiltzarkidea eta Miguel Angel Fernandez EAEko Nuevas Generaciones-eko presidentea izango dira, besteak beste, zinegotzi.

Elduainen PPk ezingo ditu zinegotziak izendatu

Tolosaldeko hauteskunde batzarrak PPren eledunen ukoa onartu du Elduainen (Gipuzkoa), baina alderdikideek ezingo dituzte ordezkatu. 250 biztanle baino gutxiagoko herria denez, ezinezkoa da ordezkapena. Litekeena da Gipuzkoako Foru Aldundiak izendatutako talde batek kudeatzea Udala. Dena den, ordura arte, aurreko legegintzaldiko eledunak euren karguetan izango dira.

Zaldibiako (Gipuzkoa) Udalaren eraketari dagokionez ere zalantzak ageri dira. Patxi Aierbe Aralarreko hautagai eta egungo alkateak esan du zaila iruditzen zaiola bihar Udala osatzea, zer jokabide hartu garbi ez daukatelako. Gogoratu du 435 boz lortu zituela Aralarrek hauteskundeetan, EAE-ANVri zegozkion boto baliogabeak bezainbeste. Berdinketa horrekin zer egin erabakitzen ari direla argitu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.