Lopezek ahaldun nagusiak eta alkateak bilduko ditu, murrizketei buruzko "plan bateratu bat" egiteko

2010eko maiatzaren 13a
16:38
Entzun
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi du Espainiako Gobernuak estatuko erkidegoak atzo Jose Luis Rodriguez Zapatero presidenteak iragarritako murrizketak egitera behartu ditzakeela, betiere gobernuak lege dekretu bat egiten badu.

Egoera hori dela-eta, Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakariak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Eudel alkateen elkarteko ordezkariak bilduko ditu egunotan, "plan bateratu bat" egiteko asmoz, Mendiak gaur jakinarazi duenez. Era berean, Lopezek berak Eusko Legebiltzarrean hitz egiteko eskaera egin du.

Bozeramailearen arabera, Jaurlaritza "prest" dago Zapaterok eskatutako ahalegina egiteko, "bat egiten" duelako murrizketa irizpideekin. Mendiak, hala ere, esan du "Euskadin gauzak ondo" egin dituztela eta erkidegoak "ekonomia sendoa" daukala.

Espainiako Estatuko defizit publikoa %11,2tik 2013rako %3ra jaisteko helburuarekin, neurri gogorren berri eman zuen atzo Zapaterok Kongresuan; besteak beste, funtzionarioen soldata gutxienez %5 murriztuko du uztailetik aurrera -jaitsiera soldatekiko proportzionala izango da, gobernuko kideen kasuan %15era heldu arte-, eta soldatok 2011n izoztu egingo ditu. Halaber, estatuko erkidegoetatik eta erakunde lokaletatik aurreikusi baino 1.200 milioi euro gehiago aurrezteko asmoa agertu du Zapaterok, eta inbertsio publikoak aurten eta hurrengoan 6.045 milioi eurotan jaitsiko dituela.

Gobernuaren asmoa funtzionario guztien soldatak jaistea da: estatukoak, autonomia erkidegoetakoak, diputazioetakoak eta udaletakoak.

Administrazioek arazo bat dute. Soldatak jada hitzartu dituzte funtzionarioekin. Espainiako Gobernuak %0,3ko igoera aurten eta soldatak izoztea datorren urtean (2012an ordainduko luke 2011ko inflazioa). Carlos Ocaña Ogasun estatu idazkariak otsailean aipatu zuen hitzarmena berrikustea aztertzen ari zirela, baina Elena Salgado Ekonomia ministroak hurrengo egunean esan zuen hitzarmena beteko zutela. Atzoko iragarpenen arabera, ez.

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak aurten berritu dituzte funtzionarioen itun kolektiboak. Eusko Jaurlaritzak soldatak %0,3 igo dizkie aurten eta 2010eko KPIaren pare igoko dizkie 2011n. ELAk ere hitzarmena sinatu zuen, bederatzi urtean sinatu gabe egon ostean.

Nafarroan %0,3ko igoera hitzartu zuten 2010erako eta KPIaren parekoa 2011n eta 2012an.

Hego Euskal Herrian denera 143.564 funtzionario publiko daude

- Espainiako administrazioa. 19.238.

- Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua. 86.109.

- Tokiko administrazioa. 34.606.

- Unibertsitatea. 3.611.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.