Igandean Donostian Euskal Herriak du hitza eta erabakia lelopean manifestazioa egiteko deia egin duten herritarrek horretarako eskubide guztiak badituzte, ekitaldia legezkoa dela esan du Miguel Buen Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusiak. Gaineratu du, Eusko Jaularitzako Herrizaingo Sailak leloa eta deialdia nork egin duen aztertu beharko dituela.
Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak atzo Batasuneko bost mahaikideei emandako abisua ere gogoratu du Buenek. Manifestaziora joan edo antzeko mobilizazioren bat antolatuz gero, haien kontrako badaezpadako neurriak hartuko dituela, edo dituztenak larriagotu egingo dituela esan zien atzo Garzonek. “Abisua egina dago”, gaineratu du PSEkoak eta epailearen erabakia “ez da edozer gauza”.
Manifestazioa egingo balitz, Ertzaintzak ekitaldia “zaindu” beharko duela adierazi du Buenek, “ETAren aldeko oihurik” egon ez dadin, “ez pankartarik, anagramarik edo ikurrik” ere.
Manifestaziorako deia egin duten herritarrek euren eskubideak badituzte, legezkoa dela esan du PSEk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu