FIFAren Jokalariaren Estatutuaren Batzordeko epaileak gaur ebatzi du Bartzelona futbol taldeak libre utzi beharko duela Lionel Messi jokalari argentinarra, Pekingo Olinpiar Jokoetan bere selekzioarekin joka dezan.
Slim Aloulou epaileak berretsi egin du lehenago FIFAren Larrialdi Batzordeak Zurichen (Suitza) hartutako erabakia, hau da, derrigorrezkoa dela 23 urtetik beherako jokalariak Olinpiar Jokoetarako libre uztea.
Herrialde Katalanetako taldeko presidenteak, Joan Laportak, iragarria zuen FIFAren erabakia bere klubaren aldekoa ez bazen, helegitea jarri egingo zuela. Taldeak ez zuen Messi libre utzi nahi.
FIFAko jujearen iritziz, ez da aintzat hartzekoa kluben argudioa, hots, Olinpiar Jokoak Txapeldunen Ligaren aldi berean egiten direla. Aitzitik, mundu mailako kirol txapelketak du lehentasuna erakunderako.
Schalke 04 eta Werder Bremen taldeek ere liberalizazioa ukatzeko eskatua zuten
Gainera, FIFAk gogorarazi du inoiz ez dutela arau hori bertan behera utzi, eta 1988tik futbol taldeek beti onartu izan dutela beren futbolariak libre uztea. FIFAk 1988an egin zuen kongresuan erabaki zuen 23 urtetik beherako jokalariak hauta zitezkeela Olinpiar Jokoetako gizonezkoen futbol txapelketarako. 2006ko kongresuan erabaki hori berretsi zuen.
Horrez gain, Aloulouk bere ebazpenean azaldu du Olinpiar Jokoak "aukera bakarra" direla zeinahi kirol diziplinako atletentzat, eta, hortaz, ez litzatekeela onargarria 23 urtetik beheitiko futbol jokalari bati halako aukera galaraztea.
Messiri Olinpiar Jokoetara joaten uztera behartu du FIFAk Bartzelona
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu