Angela Murillo Auzitegi Nazionaleko epaileak Arnaldo Otegirekin eduki duen jarrera ez dela "errespetuzkoa" izan erran du Jaime Tapia Arabako Auzitegiko epaile eta Jueces para la Democracia elkarteko bozeramaile ohiak. ETBko Egun on Euskadi saioan egin ditu adierazpen horiek, Jose Mari Sagardui Gatza euskal presoaren omenaldian errandakoengatik Otegiren eta bertze lau auzipeturen aurkako epaiketaren karietara.
Murillok Otegiri zuzendutako adierazpen eta keinuak ez dira "errespetuzkoak" izan Tapiaren iritziz. Epaileak erran duenez, auzipetu orok "errespetu guzia merezi du, eduki dezakeen iritzia edukita ere", eta auzipetuaren errugabetasun eskubideak hari "dagokion errespetuarekin" zuzentzea eskatzen du. Otegiren defentsak kexa aurkeztu dezakeela erran du epailearen jarrera horregatik, baina Murilloren jarduna "baimendutako muga malguen barrenean" dagoela zehaztu du.
Epaiketaren lehenbiziko saioan, Jone Goirizelaia defentsaren abokatuak Otegik ura edateko baimena eskatu zion Murillori, eta "ardoa edaten badu ere niri bortz" erantzun zion epaileak. Otegik Gatzaren omenaldian egin zuen hitzaldiaren bideoa ikusi zutenean, berriz, adierazpenak euskara hutsez zeuden, eta "tutik ere" (ni papa) ulertu ez zutela erran zuen Murillok.
Murillo epaileak Otegirekin izandako jarrera kritikatu du Jaime Tapia magistratuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu