NaBaik gogor kritikatu du Zapatero Nafarroako Gobernua UPNren esku uzteagatik

2008ko apirilaren 9a
12:13
Entzun 00:00:0000:00:00
Gogor hartu du gaur Uxue Barkos Nafarroa Baiko parlamentarioak Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidentegaia Kongresuan inbestidura saioan, iazko abuztuan Nafarroako Gobernuaren osaketan gertatu zenagatik; alegia, PSNk exekutiboa UPNren esku uzteagatik. "Zu zara abuztuan gertatu zenaren errudun", esan dio Barkosek. PSNk eta Nafarroa Baik hainbat eta hainbat bilera egin zituzten iazko udaran bien artean gobernua osatzeko, baina PSOEk nafar sozialistei agindua eman zien abertzaleekin ez egiteko bat.

Hala ere, Barkosek esan du Espainiako Gobernuari begira horrek Nafarroa Bairen jarrera ez duela baldintzatu behar.

Normalizazio politikoari eta bake prozesuari buruz ere kritikak egin dizkio Nafarroa Baiko parlamentarioak Zapaterori. Hala nola, euskal presoen sakabanaketa salatu du, baita Espainiako Alderdien Legea. "Zenbait alderdi hauteskunde kutxetan garaitu behar da, eta nik ordezkatzen dudan koalizioak badu horretan esperientziarik".

Zapaterok aitortu dio Nafarroan gertatutakoa bere erantzukizuna izan zela, "jakina". "PSNk autonomia du, baina PSOEko barne da. Baina gu ez gara UPNren bazkide. UPN gutxiengoan dago [CDNrekin], eta erantzukizun konpromosioa dugu; horrek ez du esan nahi ituna dugula". PSN-Nafarroa Bai-NEB gobernua osatzeko orduko "baldintzak onenak" ez zirela esan du Espainiako presidentegaiak. "Aniztasun politikoaren defentsan" jarraituko duela adierazi dio Barkosi, eta Nafarroa Baik "bizikidetzaren alde funtzio garrantzitsua" betetzen duela.

Arlo sozialean, atzo Zapaterok zioen legealdi berrian milioi eta erdi etxebizitza eraikiko direla. Barkosek erantzun dio "arazoa" ez dela "etxebizitza falta, baizik eta etxebizitza edukitzeko aukera eza".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.