Espainiako CA Indarkeriaren Aurkako Batzordeak 9.000 euroko isuna eta bi urtez kirol estadioetara sartzeko debekua ezarri die Indar Gorri zaletu taldeko 55 kideri. Osasunaren jarraitzaileei joan den igandeko Racing-Osasuna partida baino lehen eta geroago ere hainbat istilu egin izana eta "ETAren aldeko leloak" oihukatu izana leporatzen die batzordeak.
Honen esanetan, Santanderko Racingen (Cantabria, Espainia) estadiora sartu aurretik bertako zaletuei "irain larriak" egin zizkieten, eta "ETAren aldeko leloak" oihukatu zituzten. "Partida bukatutakoan, haien autobusak zaintzen zituzten poliziek ikusi zuten hainbat objektu jaurtitzen zituztela eta zenbait ibilgailutan kalteak eragiten zituztela", dio CAren oharrak.
Espainiako CSD Kirolen Kontseilu Gorenak gaur eman du Indarkeriaren Aurkako Batzordearen zigorren berri. Osasunako zaletuak zigortzeaz gain, Elx-Hercules partidari (Espainiako Ligako 2. mailako 29. jardunaldikoa) "arrisku handiko" iritzi dio, eta Atletico Madrili eta Real Madrili 4.500 eta 5.000 euroko isunak, hurrenez hurren, ezartzea aztertzen ari da, Txapeldunen Ligako azken partidentan "ikusleen kontrolerako, sarbiderako eta iraupenerako neurri eskasengatik".
Atletico Madrilen kasuan, Oportoren aurka joan den otsailaren 24an jokatutako partidan, zaletuek estadioan bengala bat sartzea eta geroago piztea eragotzi ez zuelako isuna jartzea aztertzen ari da CA.
Real Madrili dagokionez, CAren iritziz, hark ez zuen eragotzi norbaitek litro bateko garagardo botila bat sartzea eta geroago poliziei jaurtitzea, Liverpoolen kontrako partidan, otsailaren 25ean.
Osasunaren aldeko Indar Gorri zaletu taldeko 55 kideri 9.000 euroko isuna jarri diete
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu