Alberto Contador espainiarra da (Pinto, Madril), 27 urte dauzka (abenduaren 6an beteko ditu 28), eta bere hirugarren Frantziako Tourra irabazi du aurten.
Duela bi urte Italiako Giroa eta Espainiako Vuelta eskuratu zituen, 2007an Frantziako Tourra -orain bi urte ez zioten bere taldeari parte hartzen utzi, dopinagatik-, eta hiru itzuli handiak eskuratzen historiako bosgarren txirrindularia izan zen. Aurretik, Jacques Anquetil, Felice Gimondi, Eddy Merckx eta Bernard Hinaultek lortu izan zuten balentria.
Denboraldi ona darama 2010ean ere: hirugarren Tourra irabazteaz gain, Dauphine Liberen bi etapa lortu ditu aurten, Paris-Nizan bat, eta Algarve eta Gaztela-Leongo itzuliak eskuratu ditu.
Afizionatu garaian, 2001ean, Euskal Herrian bizi izan zen, Azpeitian, Iberdrola taldearekin korritzen zuelako. 2003tik da txirrindulari profesionala; ONCE-Eroskirekin egin zuen debuta.
2004an, Liberty Segurosen zegoela, Asturiasko Itzulian parte hartzen ari zela burmuinean kabernoma gaitza eduki zuen, eta urtebeteko osatzea behar izan zuen. 2006an itzuli zen korritzera, talde berarekin, eta bere izena Puerto dopin auzian ageri zen, baina ez inplikatu bezala; auzitegietara lekuko moduan joan zen eta kito. Hala ere, Liberty Seguros 2006ko Frantziako Tourretik kanpo geratu zen. 2007an Discovery Channel taldean aritu zen, eta 2008tik Astanan da.
Palmares aparta du Contadorrek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu