Paper eta ore fabrikak Gipuzkoan

2014ko urtarrilaren 24a
18:36
Entzun

GAUR EGUN DAUDENAK:

Papresa (Errenteria): Gallardo taldearena da. Tartean, prentsarako papera egiten du.

Papelera Gipuzcoana de Zicuñaga (Hernani): Iberpapel taldearena da. Zelulosa eta paper plantak ditu. Besteak beste, poltsetarako, etiketetarako, paketatzeetarako, erreprografiarako eta gutunazaletarako papera egiten du.

Papelera del Oria (Zizurkil):  Iztukadura gabeko offset papera egiten du, inprimaketa eta idazkerarako.

Papel Aralar (Amezketa): Familia enpresa da; laugarren belaunaldiaren esku dago gaur egun. Poltsa eta zakuetarako papera, etiketetakoa, transfer inpresiorakoa, kartel eta posterretakoa eta beste egiten ditu.

Munksjo Paper (Berastegi):  Besteak beste, dekoraziorako papera egiten du.

Zubialde (Aizarnazabal):  Ore mekanikoa egin eta merkaturatzen du.

AZKEN URTEETAN ITXIAK:

Paperalia (Legorreta): Villabonako La Salvadora eta Legorretako Echezarreta fusionatu ostean sortu zen, 2004an. 2006an itxi zuten. Proiektu handizalea zen, eta egindako inbertsio handiei aurre egin ezinda geratu zen. 150 lagunek galdu zuten lana.

Celulosas de Araxes (Tolosa): Gasaren prezioaren garestitzea eta lehiakortasuna galdu izana aipatu zituzten enpresaren itxieraren arrazoitzat. 2006an itxi zuten.

Galgo Papel (Andoain): Ospe handia izatera iritsi zen hark egindako papera, eta nazioartean ere presentzia handia zuen. Hiru milioi eurotik gorako zorra zuen, eta 2007ko udan egin zuen porrot. 58 lagun geratu ziren kalean.

Celulosas de Andoain: Portu izenez ere ezagutzen zen. Haren jabe zen enpresak porrot egin zuen, eta itxi egin zuten 2007an.

Celulosas Hernani (Gureola): 2012ko uztailaren 31n eten zuen produkzioa. Langileek zuzendaritzaren kudeaketa kaskarra salatu zuten, eta lantegitik makinak ateratzea eragozteko protestak egin zituzten.

Papelera de Amaroz (Tolosa): Jarduera gaizki zegoela ikusita, ahalegina egin zuten Legorretako Paperalia enpresa erosiz eta hara lekualdetuz. Tartean langileek ere jarri zuten dirua. Azkenean, ezin izan zuten lantegia aurrera atera. 2012an itxi zuten behin betiko, eta ehun lagunetik gora geratu ziren lanik gabe.

Uranga (Berrobi): Aste honetan itxiko dute, eta langileak Torraspapelen Leitzako lantegira lekualdatuko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.