Patrick Queheille Kanpo (Etxahun elkarteko lehendakaria): "Uste dut koblakari oroek bazutela min bat"

2012ko irailaren 21a
09:14
Entzun

Pastoral idazlea eta kultur eragilea da Patrick Queheille Kanpo, Etxahun elkarteko lehendakaria. Barkoxen azken urteetan egin diren bi pastoral eta hainbat ikuskizun hark idatzi zituen, batzuetan Etxahun aipatuz. 

Etxahunen inguruko zer oroitzapen baduzu haur edo gazte denboratik?

Etxahunen kantuak entzuten ziren. 10 urte nituelarik, Etxahun pastorala egin zuten, eta mustrakak eskolan egiten ziren. Joaten ginen ikustera, eta uste dut Etxahun baino gehiago Lohidoi aipatzen zutela. Berak zuen lehen kargua [rola] eramaten, eta jendeentzat Etxahun Lohidoi zen, iduri zait. Etxahunen argazki bat ere ez dugu, edo ez dut uste hasteko, baina denek pentsatzen dute txikia zela, Lohidoi txikia baitzen. Kantuak entzutean haren boza entzuten genuen berehala.

Etxahun pastoralak koblakariaren ezagutarazteko balio izan zuen?

Hori segur da. Pastoralak du gehienik ezagutarazi. Gero, pastorala agertu aitzin kritikatua izan zen zinez, lehen aldiz baitzen ere euskaldun gai bat aipatzen pastoralean. Barkoxen ez zen ere menturaz sobera maitatua; haren kantuak ezagutuak ziren, baina Etxahun ez zuten oroek maitatzen. Adibidez, Txapela auzoan pentsatzen dut, haren auzogunean. Baina izugarriko arrakasta ukan zuen; jendeek kantuak ezagutzen zituzten, baina ez zekiten zertarako izkiriatuak zituen... Nonbait haren historia ikasi zuten, nahiz eta pastoralean erranak oro ez ziren zuzen.

Erran duzu pastoralak kontatzen zuen historian ez zela dena zuzen... Jean Haritxelharrek egin lanarekin agertu ote zen hori?

Uste dut hori aipatu zela 1962an, bere lana aurkeztera jin zelarik... Baina jendeen izpirituan Etxahun pobre bat zen, gizon triste bat, bere etxaldea galdu zuen, bere aberastasunak ere, desterrua ezagutu zuen... eta horretaz ohartu ziren jendeek beharbada horregatik maitatu zuten, lehenago ez baitzuten denek maite, hori segur.

Koblakariaren heriotzaren 100. urteburuan Etxahun elkartea sortu zen. Horrek erakusten ote du herriko kultur bizian ukan duen eragina.

Deliberatu zuten Etxahun pastorala ematea bigarren aldiz, eta hor zuten Etxahun elkartea sortu. Elkarte horrek jarraiki du beti, eta nonbait herriko bizi kulturala lotu da Etxahunen kantuei, pastoralen bidez. Izugarri azkar da hori. Azken aldiz 1986an emana izan da, baina aitzineko belaunaldi oroek eman dute pastoral hori. Orduan segur da sartua dela barkoxtarren bizian eta bizi kulturalean.

Barkoxek koblakari edo kantu egile bat baino gehiago ukan ditu. Bada zerbait elkartzen dituena?

Uste dut koblakari horiek oroek bazutela nonbait bihotzeko min bat edo momentu goibelak. Nonbait artista guztiek bezala. Etxahunek bere bizia kontatu du izugarri ontsa, bere malurrak eta sabeleko mina. Hartzen badugu Attuli ere, XX.mendean, uste dut ez zuela batere gogorik Barkoxen egoteko eta laborantzari lotzeko. Nonbait bortxaz egon da ikusi ditu lagunak joaten. Uste dut hori duela hobekien kontatu bere kantuetan.

Zure ustez, zer gelditzen da Etxahunen lanetik. Haren kantuak gazteenek ere kantatzen dituzte?

Beharbada, gazteenek gutxiago ematen dituzte Etxahunen kantuak. Ez baitira Etxahun pastoralean aritu eta gutxiago entzuten baitira. Baina Attuliren kantuak ematen dituzte, izan dadin Lau Buru ikuskizunean edo Xahakoa pastoralean eman baitziren. Behar da ohartu Barkoxen gazteen %60 edo 70ek parte hartu dutela ikuskizun horietan. Etxahunenak menturaz gutxiago, zeren eta Etxahun pastorala badu kasik 30 urte ez dugula eman. Uste dut ikuskizunak ematen delarik, kulturaren inguruan zerbait egiten delarik, hedatzeko indarra baduela. Gero, kantu batzuk baratuko dira beti: Ürxapala eman zuten bi barkoxtar gaztek Kantu Txapelketan...

Biharko egunaldian Etxahun aztertuko da, haren biziaren eta obraren bidez. Oraino bada ezer ikasteko?

Harrigarri da zer baden haren obran: batzuek poesia atzematen ahal dute; euskara ikasten dutenek, mintzairaren aberastasuna; besteek, historia...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.