Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek irakurritako mezua

2009ko apirilaren 6a
10:22
Entzun
Esaguzu euskaraz, emaguzu muxu

Bada altxor bat mundu osoan euskaldunok bakarrik duguna. Ez da ezkutuan dagoen horietakoa, lurpean edo uharte bakarti batean gorderik dagoena, ez da filmetakoa ere. Altxor hori egiazkoa da, eta gu denona, denok elkarrekin partekatzeko modukoa.

Partekatuz bakarrik hartzen du bere benetako balioa, gainera. Altxor hori ezpainetan dugu, beti prest, emateko eta jasotzeko, edo biak batera, akaso. Asmatu al duzu dagoeneko zer den? Bai?...

Bai! Muxua da, edo… Bai! Euskara da. Edo biak batera. Biak baitira partekatzeko. Biak ezpainetan, goxo, zugandik gugana eta gugandik zugana. Guk nahi dugu, eta prest gaude. Eta zuk, eman nahi al diguzu muxu? Egingo al diguzu euskaraz?

Hara! Gu ez gara lau katu, eta zure lagunak gara. Beste hizkuntzak maite ditugu, eta ezagutu nahi ditugu, eta erabiltzen ditugu, baina bizi, euskaraz egin nahi dugu, mundua koloretakoa atsegin dugulako, eta ez zuri-beltza. Munduari gure kolorea eman nahi diogu, euskararena, etxetik hasita, Euskal Herritik.

Koloretan amestu nahi dugu, koloretan esnatu, jolastu, ikasi, kantatu, dantzatu, barre eta negar egin. Euskaraz irakurri nahi ditugu egunkaria eta ipuinak, euskaraz ikusi nahi dugu antzerkia eta zinema. Euskaraz entzun nahi dugu irratia. Euskaraz egin nahi dugu gaixorik gaudenean medikuarekin, erosketak egitean saltzailearekin, postariarekin, kale-garbitzailearekin, udaltzainekin eta alkatearekin. Eta batez ere euskaraz, noski, zuekin, gurasoekin. Euskara entzun nahi dugu zuen artean, ikusten dugunetik ikasten dugulako. Ez pentsa guk ikastolan euskaraz ikasi eta jolastearekin nahikoa denik. Zuek euskaraz egingo ez baduzue, euskara umeen gauza dela pentsatuko dugu, gure artekoa, eta guk handitan zuek bezalakoak izan nahi dugu. Zuek bezalakoak, baina euskaldunak, txo!

Bai, ama. Bai, aita, orain zure txanda da. Eman izena eta zoaz euskaltegira!

Baldin badakizu, erabili ezpainak. Eta ez badakizu, guk lagunduko dizugu. Animo eta ikasi! Maite zaitugulako, esaguzu euskaraz, emaguzu muxu.

Aupa zu! Eta aupa gu! Bihotza, burua, eskuak! Sentitu, pentsatu, ekin! Denok elkarrekin! Elkarrekin KORRIKA eta euskaraz! Gora Korrika eta Gora euskara!!!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.